argia.eus
INPRIMATU
“Tresnak eta kezkak konpartitzea da Udaleku Feministen helburua. Neska gazteok batuta, ez dago gelditzerik”
  • Eider Gartzia (Amurrio, 1996) ari da, besteak beste, Gazte udaleku feministen antolakuntza lanetan. Ozaetan egingo dituzte Euskal Herriko topaketak, aurreneko aldiz.

Aiaraldea @aiaraldea 2017ko irailaren 01
Eider Gartzia amurrioarra Garaion sorgingunean dago (Ozaeta) Gazte Udaleku Feministak antolatzen (Aiaraldea)

Udaleku feministak antolatu dituzue, zer dela eta?

Euskal Herriko Gazte Mugimenduen hausnarketa prozesu batean atera zen Udaleku feministak sortzeko ideia. "GaztEraiki" deitutako prozesuan borroka ezberdinetan autogestio bidez proiektu berriak sortzeko hilabete luzez egon ginen hausnartzen (feminismoa, gure kasuan). 2016ko abenduan egin ziren topaketa batzuetan eman genion forma Udaleku Feministen ideiari. Orduz geroztik, hauek antolatzen ibili gara.

Otsemeak taldeko hainbat kide zaudete antolakuntza lanetan. Zein da zuen egitekoa? 

Udalekuak antolatzeko hainbat lan-taldetan antolatu gara eskualde ugariko neskak. Guri azpiegiturari dagozkion kontuak prestatzea egokitu zaigu. Hortaz gain, eskualdean udalekuetara animatzeko deia zabaltzen saiatu gara. 

Zure ustez, zergatik da hain beharrezkoa espazio feministak sortzea? 

Neska gazteok pairatzen dugun problematikaren inguruan hausnartzeko, elkarrekin saretuta aurre egin ahal izateko.

Saretzea da topaketen helburuetako bat, beraz... 

Bai, eta Euskal Herriko neska gazteak elkar ezagutzea, esperientziak partekatzea eta borroka feministak gazte eremuan duen funtzioaren inguruan hausnartzea. Era berean, helburua da -edo espero dugu- udaleku hauetatik beste hamaika proiektu gauzatzeko ideiak ateratzea.

"Udaleku hauetatik beste hamaika proiektu gauzatzeko ideiak ateratzea espero dugu. Euskal Herriko 100 emakume baino gehiagok parte hartuko dugu Gazte Udaleku Feministetan"

Nolako harrera izan du ekimenak? Parte hartze handia espero duzue?

Ona. Oso pozik gaude izandako erantzunarekin. Euskal Herriko bazter guztietako 100 emakume baino gehiagok parte hartuko dugu Gazte Udaleku Feministetan. Kontutan izanda horrelako ekimen bat antolatzen den lehen urtea dela, oso gustura gaude emaitzarekin.

Zein gai jorratuko dituzue topaketetan? 

Lau egunez, kezka eta interesen arabera, edukien inguruko proposamenak egiteko aukera izango dugu partaide guztiok.

Dena dela, badira egitarauan landuko diren hainbat tailer eta eztabaida: Gazte feministon aliantza eta saretzea, postpornoa, desheterosexualizazioa, buruberoki tailerra, osasungintza gida... Aisialdirako tartea ere egongo da noski! (Akelarrea, bertso saio musikatua, Bertxortan emanaldia...)

Ozaetan batuko zarete Euskal Herriko emakume gazteak. Aitzindari zarete, ordea; Arabako topaketak antolatu zenituzten Amurrion udaberrian...

Bai. Amurriokoa beste eredu xumeago batean antolatu genuen; txikitik, herrialdeko neska gazteon sareak sortzen hasteko. Topaketa mamitsuak izan ziren. Ikasturte honetan bigarren topaketa batzuk egingo ditugu. Uste dugu komunean ditugun tresnak eta kezkak konpartituz, bidea errazago egingo dugula. Neska gazteok batuta, ez dago gu gelditzerik!

Irailaren 1etik 4ra izango dira Gazte Udaleku Feministak. Eta ondoren? zeintzuk izango dira erronkak?

Aukera guztiak zabalik daude. Gure apustua ez da hurrengo urtean udaleku berdinak egitea, baizik eta hauetatik sortzen diren ideiei bultzada ematea; nahiz eta ez dugun aukera hori baztertzen.

Elkarrizketa hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commonz lizentziari esker ekarri dugu.