argia.eus
INPRIMATU
Euskotreneko makinistak ez du ekintzailea ikusi, honen lankideek ARGIAri adierazi diotenez
  • Ekintzaile bat harrapatu duen treneko gidariak ez du hau aurrean jarri zaionik ikusi. "Zumaiaraino joan da, eta han esan diote gertatu dena", ARGIAri gidariaren lankide eta Euskotreneko makinista batek adierazi dionez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko maiatzaren 13a

"Makinistak ez du ikusi aurrean jarri zaion ekintzailea. Grafitero batzuk pintaketa bat egiten ari zirela ikusi duenean, bidaiariak jaitsi, ateak itxi eta aurrera egin du. Zumaiara heltzean esan diote lankideek aurrean pertsona bat harrapatu duela. Antsietate krisiak eman dio eta erreleboa eman diote", adierazi dio ARGIAri makinistaren lankide batek.

"Trena altu dago eta 0 metrotik 3 edo 4 metro bitarteko espazioa ez dugu kabinatik ikusten. Bisibilitate arazoak ditugu gertukoarekin, aurrera begiratzeko eginak baitaude trenok. 5 metro ingurutik aurrera jarri izan balitz, ikusiko zukeen, baina gure perspektibatik ez dugu gertukoa ikusten".

Gaztea larri zaurituta

Hainbat hausturarekin, larri dago ospitalean trenak harrapatutako Mozal Legearen aurkako ekintzailea. Ospitalean dago, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan 48 ordutarako sartu dute larunbat arratsaldean, ARGIAk jakin ahal izan duenez. Lehen azterketen arabera, ondorengoa da egoera: femurra hautsita, pelbisa hautsita, orno bat fisuratua, saihets-hezurrarekin birika ukitua eta buruan kolpea. Kontziente dago zauritua.