argia.eus
INPRIMATU
Trenbideko errail okerrak ote daude Ohioko tren istripuaren oinarrian?
  • Sareetan zabaldutako ondoko irudietan ikusten da Ohiko trenbideetatik pasatzen ari den tren bat nola pasatzen den okertuta eta egoera txarrean dagoen trenbide gainetik. Beheko txioan ikus daitezke irudiok.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko otsailaren 17a
Gene J Puskar/AP Gene J Puskar/AP

Oraindik ere guztiz argitzeko dago zergatik gertatu zen otsailaren 3ko AEBetako Ohio estatuko East Palestine herriko tren istripua, baina lehen hipotesietan trenaren bi gurpil lotzen dituen hagaxkaren ardatzaren akats batek eragin zuen trena errailetik irtetea. Funtzionamendu oker hori zerk eragin zuen ez da aipatu zehatz mehatz, baina informazio askoren arabera, litekeena da trenbidearen egoera txarrak eragitea edo horretan laguntzea bederen.

150 bagoi zeramatzan trenak eta istripuak horietako 50i eragin zien. Ez zen zauriturik eta hildakorik egon, baina istripua AEBetan izan den hondamendi kimiko handienetakotzat jo da. Istripuaren ondorioz, East Palestineko 5.000 biztanle atera zituzten herritik, istripua izandako bagoietako hamabik binilo kloruroa izeneko gas oso arriskutsua eramaten zutelako. Gas horren leherketak sekulako eztanda eragin zezakeen, eta hainbat informazioren arabera, Hiroshimako leherketa atomikoaren indarra izan zezakeen. Hori saihesteko, azkenean zuloak egin zituzten bagoietan, 400.000 litro binilo kloruroa askatu zuten eta gero su eman zioten. Operazioa sute erraldoia eragin zuen, eta hortik sortutako euri azidoak kutsadura handia barreiatu du ingurune osoan.

Trenbideen egoera eskasa

The Guardia-en irakurritakoen arabera, 4,5 milioi tona produktu kimiko garraiatzen dira AEBetan urtero eta, batez beste, material arriskutsuak eramaten dituzten 12.000 tren-bagoi pasatzen dira urtero hiri eta herrietatik. East Palestinek mugakide duen Pittsburgeko (Pensylvania) eskualdean, esaterako, azken bost urteetan bost tren atera dira errailetatik eta urtero 1.700 gertatzen dira AEBetan.

2012an antzeko istripu bat izan zen New Jersey estatuan, orduan ere binilo kloruroa tarteko, eta horren ondorioz legedia estutu zen produktu kimikoak trenez garraiatzeko. Adibidez, horietako neurri baten arabera, produktu kimikoak garraiatu behar zituzten trenak, ohikoak baino eraginkorragoak diren galga sistema elektronikoz hornitu behar zituzten. Trump administrazioaren garaian, aldiz, neurriaren derrigorra bertan behera utzi zuten, tren konpainien ustez garestiegia zelako.

Ondoko txioaren bideoan ikus daitezke trenbidearen irudiak: