Usurbilgo tren geltokian, 14:05ean Mozal Legearen aurkako ekintza batean, larri zauritu bat izan da, trenak kolpatu ostean. Ospitalean dago, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan 48 ordu egingo ditu ARGIAk jakin ahal izan duenez. Lehen azterketen arabera, ondorengoa da egoera: femurra hautsita, pelbisa hautsita, orno bat fisuratua, saihets-hezurrarekin birika ukitua eta buruan kolpea. Kontziente dago zauritua.
Trena Usurbilgo geltokira heldu denean, Donostiako Eleak-Libre mugimenduko 15 laguneko taldea "EAJ, Mozal Legeari ez" zioen mezua pintatzen hasi dira trenaren albo batean.
Trena geltokian geldi mantentzeko asmoz, M.G. inizialak dituen donostiarra trenaren aurrean jarri da puxika laranja batekin, geldi mantentzeko esanez. Trena berriz abiatu eta aurrean jarri den pertsona zauritu du, lurrera botaz.
Lekukoen arabera, shock egoeran geratu da. Odola zuen buruan, eta hanka batean kolpe handiarekin. Ekintza egiten ari ziren hainbat kide bera laguntzen geratu dira eta anbulantzia joan da bertara.
Ekintzailea harrapatu duen treneko gidariak ez du hura aurrean jarri zaionik ikusi. "Zumaiaraino joan da, eta han esan diote zer gertatu den", ARGIAri gidariaren lankide eta Euskotreneko makinista batek adierazi dionez. "Grafitero batzuk pintaketak egiten hasi zaizkiola eta jendea jaistean aurrera egin duela esan dienean lankideei, haiek esan diote pertsona bat aurrean harrapatu duela. Makinistak ez du ikusi aurrean jarri zaion ekintzailea. Antsietate krisiak eman dio eta erreleboa eman diote", adierazi dio ARGIAri makinistaren lankide batek.
"Trena altu dago eta 0 metrotik 3 edo 4 metro bitarteko espazioa ez dugu kabinatik ikusten. Bisibilitate arazoak ditugu gertukoarekin, aurrera begiratzeko eginak baitaude trenok. 5 metro ingurutik aurrera jarri izan balitz, ikusiko zukeen, baina gure perspektibatik ez dugu gertukoa ikusten".
Eleak Libre-tik EAJri Mozal Legea ez aplikatzeko eskatuz pintaketa egiten ari ziren. 2016ko ekainaren 22an Eusko Legebiltzarrak aipatu legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu arren, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak emandako azken datu ofizialen arabera, 8.087aldiz aplikatu du Ertzaintzak, 2015eko apiriletik 2016ko abendura. ARGIAk egindako infografia segidan.