Trenbide baliabideak hobetzea helburu duen proposamena aurkeztu du Sustrai Eraikuntza Fundazioak, Iruñeko Katakrak liburu dendan.
Sustrai Eraikuntzak dioenez, “Abiadura Handiko Trena (AHT) antisoziala, antiekologikoa eta energia xahutzailea da”. Hori dela eta, Tren Publiko eta Sozialaren (TPS) aldeko apustua egiten dabiltza “garraiobide iraunkorra, herritarra eta demokratikoa”, delako.
Pasa den irailean aurkeztu zen TPSaren proposamena lehen aldiz eta harrezkero ekarpen desberdinak jasotzeko prozesu parte-hartzailea egin dute; guztira 1.600 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.
Geltokiak hiritik gertu egoteari eta AHTren ingurumen inpaktuari buruz datuak gehitzeari eman diote garrantzia, besteak beste proposamen berrituan. Gaineratu dute, AHTren lanak berrabiarazi dituztela Tafallan eta larunbatean 11:00etan bertarainoko martxa antolatu dutela.
AHTren aurkako ekintzailea den Alfontso Gartziandia elkarrizketatu zuen Eñaut Agirrebengoa Argiako kazetariak pasa den urrian. Gartziandiak salatu zuenez, ez zen kontuan hartu herriaren hitza. “Egitasmoa zehaztu eta diru kontuak itxi ondoren eman zaizkio azalpenak gizarteari”. Zioenez, Lan zaila izango da TPSren proposamena botere lekuetara eramatea: “ikuspegi politiko zehatza duten taldeak daude boterean eta eraikuntzaren lobbyak dira AHTren bultzatzaileak”.