argia.eus
INPRIMATU
Trekutz eguna egingo dute irailaren 7an Antzuolan
  • Meaka-Irimo herri plataformak antolatu du egun hau, Capital Energy multinazionalaren Trekutz proiektuaren aurka mobilizatzeko. Ekitaldiaren ondoren toka txapelketa, herri bazkaria, bertso saioa eta erromeria gozatuko dute Irimo eta Trekutzera igotzen direnek.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko irailaren 05a

Capital Energyren Trekutz proiektuak 200 metroko bi haize errota jarri nahi ditu, bata Irimo mendian eta bestea Meakan. Hori gauzatu ez dadin lanean ari dira beste urte batez Meaka-Irimo herri plataforman eta egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako.

9:00etan Antzuolako plazan elkartuko dira eta Irimo tontorrerako bideari ekingo diote. 11:30ean ekitaldia egingo dute tontorrean. Ondoren (12:30 aldera) toka txapelketa izango da Gaztelugain elkartean (Trekutzen). Herri bazkaria 14:30ean hasiko da, nahi duenak aurrez tiketak hartuta eta nahi duenak etxetik berea eramanda. Bazkalostean bertso saioa eta erromeria izango dira, azken hau Astiazaran eta Narbaizaren eskutik. Eta iluntzean Antzuolako gaztetxean izango du errematea Trekutz egunak, Harrikadak taldearen kontzertuarekin.

Trekutz egunaz gain, beste bi ekintza antolatu ditu Meaka-Irimo herri plataformak irailerako:

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea

Irailaren 17an, asteazkenarekin, elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Donostia kalean), 10:30etatik 11:30etara. Antzuolako herritarrak elkarrekin joateko hitzordua jarri dute, 9:30ean herriko plazan.

Hamaika diziplina anitzeko erakusteka

Irailaren 19an zabalduko dute lurraren defentsan egina den Hamaika erakusketa Olaran etxean (artikulu honetan duzu erakusteka berezi horren berri). Arratsaldetan egongo da ikusgai (18:30etatik 20:00ak arte) egun hauetan: 19, 20, 21, 22, 27, 28 eta 29an.

Hamaika erakusketaren irekiera ekitaldi berezia prestatu dute: irailaren 19an 18:30ean Irantzu Piquerok berak egingo du aurkezpena, erakusketa horren arduraduna, editorea eta ilustratzailea denak. Jarraian, solasaldia egingo dute makroproiektuen eragina bizi duten lau herritarrek galdera hau abiapuntu hartuta: Zertan aldatu du nire bizitza gertuko makroproiektu horrek? 19:15ean kontzertu akustikoa eskainiko dute Isuok eta Bargik eta ondoren mokadutxoa eta erakusketaren irekiera izango da.

Erakusketa amaitzeko egunean, irailaren 29an, itxiera berezia egingo dute: As Bestas filma emango dute Torresoroako aretoan, 18:30ean.