Gaur egun Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik aurrera irakasten dute euskara, eta ikasle asko administratiboki ere Araban kokatuta dauden ikastetxeetara joaten dira, euskara lehenagotik ikasteko. Hezkuntza eta Euskarako PPko zinegotziak azpimarratu du epe luzeko asmoa dela, eta gai "polemikoa" dela.
Trebiñuko PPk herriko ikastetxean euskara irakasteko adina aurreratzeko asmoa iragarri du, Diario de Burgos egunkariak argitaratu duenez. Gaur egun Condado de Treviño ikastetxe publikoan Lehen Hezkuntzako seigarren mailan hasten dira euskara irakasten, Gaztela eta Leongo Juntak ez baitu baimentzen adin horretatik behera irakastea.
Hezkuntza, Euskara, Gizarte Ongizate eta Berdintasuneko zinegotzia da María del Carmen Pascual, eta adierazi du gaur-gaurkoz horrela geldituko bada ere, etorkizunean Gaztela eta Leongo erkidegoko administrazioarekin landuko dutela gaia, euskara irakasten lehenago has daitezen. Onartu du gaia “polemikoa” dela, eta asmoa epe luzerako dela. Baina ohartarazi du egin ezean haurrak administratiboki ere Araba diren lurraldeetako ikastetxetara alde egiten jarraituko dutela.
Zinegotziak adierazi duenez, gurasoen elkarteko kideek udalari esan diote gazteek euskara ikasi behar dutela, aurrerago inguruko herrietan lan egin ahal izateko. Pascualek azpimarratu du euskara lehenago irakastea lortuko balute ere, horrek ez liokeela gaur egun eskolan irakasten duten bigarren hizkuntzari, ingelesari, kalterik egingo. Izan ere, ikastetxe horretan hezkuntza "elebiduna" eskaintzen dute, eta zinegotziaren ustez, hori “ezin dute galdu”.