argia.eus
INPRIMATU
TrebiƱuko konderrian barna doa euskara
  • Korrikak urratsak ditu oinarri, milaka euskal herritarrek batak bestearen ondoan eta jarraian emanak. Euskarak ere oinarri bera du, hitz baten ostean bestea egitea. Eta edozein herritarren urratsak dira ekarpen, baita –edo bereziki– kokapen edo egoera administratiboagatik are zailagoak diruditen eremuetan. Gogora datorkigu Trebiñuko Konderria; euskara ikasleak badira han ere, eta batzuk hutsetik hasteko prest daude aurten.

Iure Eizagirre 2015eko martxoaren 25

Marcos Garciak lau urte daramatza euskara ikasten, ez etxean ez eta ikastetxean jasotzeko aukerarik izan ez zuen hizkuntza. “Eskola publikoan ikasi nuen eta euskara irakasgai bat zen”, dio. Urruti dagoela iruditu arren, duela ez hainbeste urte ikastetxe askotako errealitatea zen A eredua.

Hirugarren urratsean hasi zen euskaltegian eta hasiera gogor samarra izan zela aitortzen du. Hala ere, gerora ondo moldatu da. Egun, seigarren urratsean dago, beste bost ikaskiderekin batera, helburu argi bezain sinple batengatik lanean: “Euskaraz hitz egin nahi dut. Aspalditik nahi nuen baina orain nire lanak uzten dit, jardun erdiz egiten dut lan eta denbora pixka bat dut”. Hizkuntzak ikasteko hain garrantzitsua izan daitekeen ingurua ere alde du: “Etxean entzuten dut euskara. Nire bikotekideak eta alabak euskaraz hitz egiten dute”.

Euskara klaseetara Argantzunera joan arren, Armiñonen bizi da Garcia. Kalean euskara apur bat erabil dezakeela dio, baita Argantzunen hainbat lagunekin euskaraz egiteko aukera duela ere, baina “pixka bat, kosta egiten zait”.

Korrikako lekukoa

Garciak ez du nolanahi bizi Korrika, izan ere, “oilo ipurdia” jartzen dio. Gainera, milaka eta milaka euskal herritarrek kilometrorik kilometro babesten duten euskararen aldeko mezua esku artean izan zuen duela bi urte, bera bezala euskara ikasten ari direnak gogoan izan zituen mezua hain zuzen ere. “Primerakoa izan zen” dio Garciak.

Esperientzia pertsonalaz harago, inguruko jendeak nola bizi duen azpimarratzen du: “Korrika jaia da, positiboa, ona. Jendeak ondo hartzen du, pozik dago eta inplikatzen da”.

Gero eta talde gehiago

Euskararen aldeko jaiek sor dezaketen ilusioa ukaezina da baina Garciak badu beste poz bat ere: aurten euskaraz ikasteko bi talde gehiago sortu dira Argantzunen. “Hutsetik hasi den taldea sortu da, lehen urratsekoa”. Beraz, euskarak badu jarraipenik. “Lau talde gara Trebiñun eta taldeetan jende gutxi egon arren (sei edo zazpi pertsona), poliki-poliki aurreratzen ari gara. Ni pozik nago”, azaldu du.

Horrek kaleko giroa ere euskaldunagoa egiten du, ikasleak gelatik irtetean euskaraz egiten dute-eta euren artean. Euskara kalera ateratzeko helburuarekin antolatu nahi izaten dituzte ikasgeletatik kanpoko ekintzak ere, “irakasleak saiatzen dira baina azkenean bi edo hiru bakarrik animatzen gara. Besteek, nagikeriagatik edo ez dakit zergatik baina ez dute nahi klasetik atera”.

Armiñongo euskara ikasleak argi du horrelako ekintzek elkarri laguntzeko balio dutela, batzuei besteei baino gehiago kostatu arren euskaraz egitea, ahalegintzeko bultzada ezin hobea direlako.