argia.eus
INPRIMATU
Trebiñuko ikastola diru-laguntzarik gabe ere zutik
  • Trebiñuko Argantzon ikastola Gaztela eta Leongo heziketa sarearen baruan dago, administratiboki Trebiñu Burgoseko parte delako. Ikastetxeak, ordea, ez du Juntako laguntzarik jasotzen, eta administrazioak ez dio Euskal laguntzak irits daitezen uzten.

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 07a
Trebiñuko Argantzon ikastolak hamaika urte daramatza zailtasunei aurre egin eta euskarazko ikasketak eskaintzen.

Argantzon ikastolak  2003an ireki zituen ateak, Arabako ikastolen federazioaren bultzadaz eta La Puebla de Arganzongo udalaren laguntzarekin.

Ordura arteko  ikastetxeak eskaera faltagatik ateak itxi zituenean ikastola sortzeko aukera ezin hobea ikusi zuten Trebiñuko lagunek. Ekaitz Lotina Argantzoneko zuzendariaren esanetan “aurreko ikastetxeak funtzionatzen jarraitu izan balu ziurrenik proiektu hau ezinezkoa izango zen”.

Ikasle kopurua handitzen joan da urte hauetan zehar, baina inolako laguntzarik jaso gabe jarraitzen dute guraso eta irakasleek. Gaztela eta Leongo Juntaren esanetan Trebiñun badago beste ikasketa zentro bat, eta haurrak bertara bideratzeko laguntzak eskaintzeko prest dago. “Ez al lieke lan berbera eskatuko, emateko prest dauden laguntza horiek berak ikastolari ematea?” dio Ekaitz Lotina ikastolako zuzendariak, deiak jasotako hitzetan.

Amaia Ullibarri eta Amaia Gonzalez gurasoek jarrera horrekin bat egin eta gaineratu dute “Trebiñu Araba balitz aspaldi ezarri ahalko zitekeela lehen hezkuntza, eta ehun ikasle formatuta egongo liratekeela”.

Gurasoen kuotek eta La Pueblako udaleko mantenu laguntzek ahalbidetzen dute Argantzon ez ixtea. Hala ere, zuzendariaren esanetan batzuetan ez da “irakasleei ordaintzeko ere iristen”. “Euskal ikastolen laguntza eskuzabalagatik ez balitz ez ginateke existituko” diote Argantzon ikastolako guraso eta irakasleek.