argia.eus
INPRIMATU
TrebiƱuko biztanleen bizi baldintzak hobetzeko hitzarmena adostu dute Arabak eta Burgosek
  • Akordioa otsailerako egon daiteke prest. Horren arabera, Trebiñuko zerbitzu publikoak hobetzeko elkarlanean arituko dira Arabako Foru Aldundia eta Burgosko Diputazioa.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 31

Urtarrilaren 30ean bildu dira Pilar Garcia de Salazar Arabako ahaldun nagusiordea eta Borja Suarez Burgoseko Diputazioaren bozeramailea Gasteizen. Trebiñurentzat behin betiko irtenbide bat bilatu bitartean, bi urterako akordioa adostu dute. Azaldu dutenez, hamahiru esparrutan arituko dira elkarlanean bi diputazioak. Besteak beste, azpiegiturak, garraioa eta gizarte zerbitzuak. Behin betiko dokumentua otsailean sinatuko dutela aurreratu dute.  

Juridikoki Burgoseko herria da Trebiñu, Araban egon arren. Herritarrek urteak daramatzate Arabako parte izatea aldarrikatzen. Arabako Batzar Nagusiek ere, 2016ko ekainean eskatu zioten Espainiako Kongresuari Trebiñuko udalerria Arabara batuko duen lege organiko bat onartzeko.