argia.eus
INPRIMATU
Trebiñu ofizialki Arabako parte izateko ekimena abian jarri dute berriz
  • Argantzungo eta Trebiñuko udaletako osoko bilkurek gehiengo osoz erabaki dute lan-mahai bat sortzea, egun Burgoseko probintziaren administraziopean dagoen barrundia ofizialki Arabako parte izatea lortzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko abenduaren 15

Aldarrikapen historiko bati berriz ekitea erabaki dute asteazken honetan Trebiñun, herri nagusi diren Trebiñuko eta Argantzungo udaletan egindako osoko bilkura banatan. Enklabea Arabako parte izatea nahi dute "baliabide publikoen aprobetxamenduaren mesedetan eta jarraikortasun geografikoa" kontuan edukita.

Hamarkadak daramatzate trebiñuarrek euren ez-ohiko egoera salatzen, oso urruneko zaien Burgosko probintziaren administraziopean bizitzeak eta arestian aipaturiko printzipio horiek hausteak "kalteak eta oztopoak" ekartzen dizkietelako enklabe horretako herritarrei. Arabako bihotzean bizi dira, eta Araban nahi dute egunerokoan ere bizi.

Hala, osoko bilkuretan, Trebiñu Arabako parte izateko ekimena berriz aktibatzea erabaki dute ofizialki (pdf), bi herrietako alkateak, Enrike Barbadillo eta Pablo Ortiz Latierro, bertan zirela. Erabakia gehiego oso handiz hartu da Trebiñuren kasuan (%83,3) eta Argantzunen kasuan, berriz, aho batez, Arabako Aleak emandako datuen arabera.

Arabarekin bat egiteko ekimen instituzional komun horrek hiru hanka edukiko ditu. Batetik, iritzi publikoak eragiteko komunikazio kanpaina bateratua egitea; bestetik, lan-mahai bat osatzea, konderria Arabako lurralde historikoan integratzeko bidean tokiko erakundek zein eragileek "etengabeko elkarrizketa" izan dezaten; eta azkenik, herritarrei deia, ekimena sustatu eta antolatzen lagundu dezaten.