argia.eus
INPRIMATU
“Trebiñu Araba da, Trebiñu euskara da”
  • Lehenengo Araba Euskaraz egin zenetik 40 urte bete diren honetan, Trebiñuko Argantzun ikastola izango du ardatz aurtengo jaialdiak, ekainaren 19an. “Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egingo dugu, Argantzun ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba”.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 14a

Hainbat helburu ditu aurtengo Araba Euskarazek. Batetik, Araban euskararen erabilera aldarrikatzea, bultzatzea eta zabaltzea da asmoa; bestetik, bai Argantzun ikastolaren lana bai Trebiñun irekitzekoak diren Sagastieta ikastola berria ezagutzera eman nahi dute; eta hirugarrenik, ikastola berri hori egiteko dirua lortzea dute erronka. Argantzun ikastolak bi eraikin ditu eta bigarren hori herritarrek utzitako lokalak dira, harik eta ikastola berria eraiki arte. Datorren ikasturtean zabaldu nahi ditu ateak Sagastietak.

2003an sortu zen Argantzun ikastola. Ordura arte, bertako haur gehienek Gasteizerako bidea hartzen zuten ikasketak egitera; horixe zen euren haurrek euskaraz ikastea nahi zuten gurasoen hautua. Bide malkartsuaren ostean, baina, ikastola lortu zuten Trebiñun, eta gaur egun 67 ikasle ditu eskolak.

1981eko ekitaldirako Nestor Basterretxeari enkargatu eta hark eginiko leloa eta logotipoa oinarri hartuta landu dira 2022ko ekitaldirako leloa eta logotipoa. “Araba, zazpi talde, bat euskararen alde” izan zen orduko leloa. Arabako zazpi kuadrillei egiten zien erreferentzia. 2022koa, berriz, “Zortzigarren alaba” da.

Olarizura itzuliko da jaia

Argantzun ikastola ardatz izango duen arren, jaia Gasteizko Olarizun ospatuko da, hiriburuko Eraztun Berdean, ekainaren 19 honetan. Berrogei urte bete dira, lehenbiziko Araba Euskaraz egin zenetik, Olarizun hain zuzen. Ikusi lotura honetan prestatu duten egitaraua.