argia.eus
INPRIMATU
Trebiñarren borondatea defendatzeko eskatu diote alkateek Burgosko presidenteari
  • Probintziaren Egunean gutuna eman diote Argantzungo eta Trebiñuko alkateek Cesar Rico Burgosko Diputazioaren presidenteari.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko urriaren 01
Argantzungo eta Trebiñuko alkateak Burgosko Diputazioaren presidentearekin.

Burgosko Diputazioaren lehendakari Cesar Ricori gutuna entregatu zioten, larunbatean, Trebiñuko eta Argantzungo alkateek, Briviescan ospatu zen Probintziaren Egunaren harira. Horretan, trebiñarren gehiengoaren borondatea "aitortu, onartu eta defendatu" dezala eskatu diote, eta era berean, lagundu dezala "Trebiñu eta Argantzungo udalerrien etorkizunerako konponbide justu, demokratiko eta iraunkor bakarra lortzen: enklabea Arabako Lurralde Historikoaren administrazio antolakuntzan sartzea".

Pablo Ortiz de Latierro Argantzungo alkateak eta Enrique Barbadillo Trebiñukoak ohartarazi dute, gainera, euren asmoa dela "gure herritarren borondate legitimoari bidea ematea eta gure eskualdearen garapen bikainaren alde egitea"; eta, horrenbestez, haien gobernu jardueraren lehentasunezko ekintza "Trebiñuko enklabearen mendetako auzia konpontzea" izango dela.