argia.eus
INPRIMATU
“Tratu iraingarria” salatu dute Laudioko San Roke adinekoen egoitzan
  • "Duintasuna urratzerainoko gertakariak" sarri errepikatzen direla seinalatu dute egoitza horretako senideek Arabako Foru Aldundiari bidalitako gutunean. Aldundiak dio egoera ez dela "hain larria".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 15

"Pixoihalak bistan" eramatera behartzen dituzte Laudioko San Roke adinekoen egoitzako erabiltzaileak, idatzian jaso dutenez. Zaintza Araba elkarteak sinatu eta bidali du gutuna, erabiltzaile diren adinekoen senideekin hitz egin ondoren: "Galtzak atzeko aldetik irekita eramateko eskatzen zaie, goma bat dutela gerrian; eskakizun surrealista horren argudioa da horrela pixoihala errazago aldatzen zaiela eta ez dietela minik egiten".

Horrez gain, senideen esanetan, ibiltzeko laguntza behar duten egoiliarrak gurpil-aulkian egoten dira egun osoan, eta ez zaie laguntzen oinez ibiltzen. Hori ere senideen ardurapean geratzen dela adierazi dute.

"Non daude errespetua, duintasuna eta etika?", galdegin du Zaintza Arabak gutunean. Ez du, dena den, langileen teilatuan ipini ardura: zentroko langile eta erizainen ratioak ez direla nahikoak uste dute, janariaren kalitatea izugarri jaisten ari dela, ganorazko kontrolik ez dagoela... Arazo horien guztien "konponbide berehalakoa" exijitu diote Arabako Aldundiko Gizarte Politiketako foru diputatu Gorka Urtarani.

Urtaran: "Gorabehera garrantzitsurik ez"

Aldundiak oharra kaleratu du Zaintza Arabari erantzuteko, eta ukatu horrelako "tratu iraingarririk" jasotzen dutenik. Gorka Urtaranen departamentuak dioenez, zentroaren egunerokoari loturiko "kexa batzuk" aurrez bazekizkiten, baina ez dago salaketarik erregistratuta. Gainera, oharrak dio duela gutxi egin zela ikuskapena, eta "gorabehera garrantzitsurik" ez zutela atzeman. Horrez gain, "harridura" azaldu du Aldundiak egoitzako langileen profesionaltasuna "zalantzan jarri nahi" delako.

Ratioei dagokienez, oharraren arabera, dekretuaren "oso goitik" daudela esan du Aldundiak: "Erizainen kasuan, ratioa gainditzen da %316an; plaza psikogeriatrikoak %127 gehiago dira; eta erizain laguntzaileen kasuan, ia bikoitza daude".