argia.eus
INPRIMATU
Matxinada akusazioarekin hasi da Mossoen goi kargu ohien aurkako epaiketa
  • Gaur goizean hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buru ohiaren aurkako epaiketa. Berarekin batera esertzen dira bere lan taldeko Cèsar Puig Barne Saileko idazkari nagusi ohia, Mossoen zuzendari nagusi ohi Pere Soler eta Teresa Laplana intendentea.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 20a

Trapero, Puig eta Solerri matxinada leporatzen diete eta 11 urteko espetxe zigorra eta 11 urteko inhabilitazioa eskatzen zaizkie. Laplanari sedizioa leporatzen diote eta 4 urteko kartzela eta 11 urteko inhabilitazioa. Bi hilabeteko iraupena aurreikusten zaio epaiketari eta epaimahaiko lehendakari Concepción Espejel magistratua arituko da. Mossoen egungo buru Eduard Sallent ere ahozko saioan izan da, lau akusatuei bere sostengua adierazteko.

Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentistei sedizio delituagatik zigortu ondoren, uste zen gaur goizean fiskaltzak hasieratik erretiratuko zuela matxinada delitua. Ez da hala izan, ordea, eta fiskalak adierazi du aurrerago egungo duela hori, epaiketaren une hau ez dela horretarako egokia.

Josep Lluis Trapero lekuko gisa aritu zen espetxeratutako independentista katalanen epaiketan eta orduan argi adierazi zuen Espainiako ordena errespetatu zutela beti eta Mossoak justiziaren aginduetara izan zirela. Bere testigantzari indarra emateko, adierazi zuen Carles Puigdemont eta bere gobernuari argi jakinarazi zietela ez zeudela ados eramaten ari ziren estrategia independentistarekin. Are gehiago, une batean Mossoek Puigdemont lehendakariaren atxiloketa ere prestatu zutela, hala egitea agintzen bazieten dena prest izateko.

Traperok adierazi du bere izendapenak ez zuela zerikusirik procés-arekin, Mossoen buruzagi postu hori 2016an sortzea erabaki baitzen, nahiz eta bere izendapena beranduago eman.

Ondorengo bideoan jarraitu daiteke zuzenean epaiketa: