argia.eus
INPRIMATU
Trapagarango Amazonen lantokiko grebek 60.000 pakete banatu gabe utziko dituzte
  • Hirugarren greba eguna izan da ostegunean multinazionalaren Trapagarango lantokian, urriaren 17ko lanuzteen eta azaroaren 28ko egun osoko grebaren ondoren. Grebaren sustatzaile LAB sindikatuak adierazi du Amazonen azpikontratetako 300 furgoneta baino gehiago ez direla kalera atera banaketa lanak egitera, biltegiko langile gehienek bat egin dutelako greba deialdiarekin.

Axier Lopez @axierL 2022ko abenduaren 23a
Argazkia: Ecuador Etxea

LAB sindikatuak emandako datuen arabera, ostegunean, enpresak 25.000 paketeko atzerapena pilatu du eta ostiralean, aurreikuspenen arabera, 35.000 pakete ez dira banatuko. Beraz, bi egunetako grebaren ondorioz, 60.000 pakete banatzeke geratuko lirateke. Grebalariek kalejira egin dute ostegunean Bilbon, Plaza Eliptikotik Zirkularreraino, eta ostiralean, abenduaren 23an, aste honetako bigarren greba egunean, Trapagarango lantokiaren aurrean mobilizatu dira 8:00etatik aurrera.

LAB sindikatuaren ustez, greba eguna "arrakastatsua izan da", eta horren adibide jarri dute Amazoneko sei azpikontratek (Vayven Delivery, S.L., E-Box Last Mille, S.L., Flash Delivery, S.L., Besaide Logistics, S.L., City Logistic, S.L. eta Grusar Logistica y Distribucción, S.L.) banatzaileei etxean geratzeko agindu dietela.

Astelehenean, abenduaren 19an, Amazon enpresa-batzordearekin batzartu zen, baina sindikatuak salatu duenez "ez zuen ezer esanguratsurik eskaini, zentroko hitzarmena egitea ez dela bideragarria adierazi zuen" eta "negoziazioa hautsitzat" jota mahaitik altxatu zen. Asteburuetako atsedenaldiak hobetzeko prest da enpresa, baina LABentzat hori ez da nahikoa. Amazonek ez badu jarrera aldatzen eta negoziazioaren alde egiten, LABk dio "langileei utziko dien aukera bakarra mobilizazioa" izango dela.