argia.eus
INPRIMATU
Trapagarango Amazon zentroan lanuztea antolatu du LABek urriaren 17an, lehen hitzarmena negoziatzeko
  • Trapagarango Amazonen logistika-zentroan LAB da sindikatu nagusia. KPIari lotutako soldata-igoerak, asteburuetako lana mugatzea eta banatzaileen subrogazio-eskubidea negoziatzea aldarrikatuko dituzte langileek urriaren 17an, zentroko lehen hitzarmena lortzeko helburuz.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 13a
Trapagarango Amazon logistika-zentroan lanuztea deitu du LABek / Argazkia: LAB

Trapagarango Amazon logistika-zentroan urriaren 17rako lau orduko geldialdia egitera dei egin du LAB sindikatuak. 109 langile ditu zentroak, eta LAB da sindikatu nagusia. Agiri batez aditzera eman du bertako langileek lan-baldintzak hobetzeko eskatzen dutela, eta hala, zentroko lehen hitzarmenaren negoziazioa exijituko dute. Lanuztea 5:30etik 9:30era izango da.

Langileek Kontsumo Prezioen Indizeari (KPI) lotutako soldata igoerak eskatuko dituzte. Amazonek gutxieneko lan-baldintzekin jarraitzen du Bizkaiko garraio-hitzarmen kolektiboan; sindikatuak salatu duenez, hitzarmen hori salgaiak errepidez garraiatzeko dago pentsatuta, eta ez horrenbeste zentro-logistikoetan egiten den lanera bideratuta. Horregatik, beharrezko ikusten dute "benetako lanbide-kategoriak jaso", eta KPIari lotutako soldata-taulak dituen hitzarmena lortzea.

Bestetik, asteburuetako lanordu kopurua mugatzea nahi dute, gero eta asteburu gehiagotan lan egiten dutela adierazi baitute, eta larunbat eta igandetan lan egindako ordu horiek saritzea ere eskatuko dute.

Hortaz gain, paketeak banatzen dituzten langileen subrogazio-eskubidea jasotzea aldarrikatuko dute; subrogazio-eskubidea enpresa nagusia, aldaketak jasanda ere, enpresa azpikontratatuarekin lotzen duen itun bat da. Gaur gaurkoz aplikatzen zaien estatu mailako mezularitza-hitzarmenak ez du halakorik bermatzen, eta horrek negoziatu ahal izatea eragozten die. “Izugarrizko prekarietatea jasaten dute: ezegonkortasuna, egutegi falta eta soldata baxuak”, salatu du sindikatuak. Amazonen jarduera garatzeko, banaketa ezinbesteko zerbitzua dela gogorarazi du.

Espainiako Estatuan, 2020 eta 2021 urteetan, 3.562.000 euroko irabazi garbiak aitortu zituen Amazonek.