argia.eus
INPRIMATU
Trapagarango alkatearen dimisioa eskatu dute ia 40.000 euro “otordu, puru, gin tonic eta txupitotan xahutu dituelako”
  • Xabier Cuellar 2011tik da Trapagarango alkate, eta agintean izan den hamar urteotan "justifikatu gabeko otordu, edari eta joan-etorrietan" 38.930 euro xahutu dituela salatu du EH Bilduk.

Axier Lopez @axierL 2021eko azaroaren 26a
Argazkia: Xabier Cuellar / Twitter

Asteazkenean udaletxe aurrean egin du salaketa Trapagarango EH Bilduk, Elena Reyero eledunaren eta Roberto Irure zinegotziaren ahotik. Koalizioaren ikerketaren arabera, Xabier Cuellar alkate jeltzaleak 38.930 euro publiko erabili ditu bere "otordu, edari eta joan-etorriak" ordaintzeko. Alkateak aurkeztu dituen ticketak eta eskuz idatzitako justifikanteak "irregulartasunez beteta" daudela salatu dute.

EH Bilduk aztertutako datuen arabera, 38.930 euro horien %70 baino gehiago "gin tonic, txupito, konbinatu eta puruak" erosteko erabili du alkateak, eta diruaren gainerakoa Trapagaranen bertan egin omen dituen joan-etorrietarako bideratu du Cuellarrek. Bi zinegotzi independentistek gogorarazi dutenez, alkateak berak onartutako araudiak dio udalerri barruko bidaietarako gastuak ez direla dieta bezala kobratzen.

Udalean horrelako jokaerak hobeto aztertzea eskatu du koalizioak. Adibidez, enpresekin edo bestelako erakundeekin egin beharreko bilerak udaletxean bertan egitea, eta ez jatetxeetan, alkatearen dieten jarraipena zorrotzagoa izatea edo beti inprimaki ofizialak erabili behar izatea, ticketik edo fakturarik gabeko gastu guztiak saihestuz.

Kasuaren larritasuna ikusita, EH Bilduk dirua itzultzea exijitu dio alkateari eta bere dimisioa eskatu du. Gainera, kasua Kontu Epaitegira eramatea aztertzen ari dela azpimarratu dute.