Nafarroako Gobernuak Trantsizio Energetikorako Agentzia arautzen duen Foru Legearen proiektua onartu du, energia-eredu iraunkor bat sustatzeko eta klima-aldaketaren ondorioen aurkako borrokan laguntzeko asmoarekin. 2022ko martxoan onartutako Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikoaren legean zegoen neurria jasota. Mikel Irujo Industriako eta Trantsizio Ekologiko kontseilariak prentsaurrekoan azaldu duenez, agentzia erakunde publikoa izango da eta bere sailari atxikita egongo da.
Irujoren hitzetan, "agentziaren helburua trantsizio energetikoaren esparruan foru eta estatu mailako konpromisoak betetzen laguntzea da, energia-eredu jasangarri bat lortzea, energia-iturri berriztagarrietan, energia-sorkuntza banatuan eta autokontsumoan oinarritua". “Eraginkortasun, kudeaketa eta aurrezpen energetikoko jarduerak bultzatu eta gauzatuko ditu, eta trantsizio energetikoaren arloko azterlanak eta analisiak egingo ditu. Gainera, energia-ekimen publikoa sustatuko du erakunde-eremu guztietan ".
Helburuen artean, energia berriztagarrien, eolikoaren, fotovoltaikoaren, eguzki-energia termikoaren, biomasaren edota geotermiaren ekoizpena eta sorkuntza banatua sustatzea, zero kilometroko energia orokortzen saiatzea, Nafarroako biztanleriaren subiranotasun energetikoa erraztea eta energiaren demokratizazioa bultzatzea.
Foru Lege proiektua Nafarroako Parlamentura igorriko da orain, bertan eztabaidatu eta bozka dadin.
EH Bilduk ohar bitartez adierazi du albiste ona dela Agentziaren sorreraren iragarpena. Alderdi abertzaleak gogorarazi du aurtengo aurrekontu akordioan jasotako puntuetako bat zela agentzia martxan jartzearena. Zurekin Nafarroa koalizioak berriz, erabakia bi urte berandu iristen dela nabarmendu du ohar bitartez eta ohartarazi du agentziaren sorrera martxan jartzeko negoziazioak zailak eta luzeak izan direla, bereziki agentziaren lege-esparrua zehazterako orduan, beti ere jarduteko esparru zabala izatea zelako helburua. Foru Lege honen bitartez helburu hori beteko dela adierazi du alderdiak.