Energi trantsizioa landuko dute larunbatean, irailak 26, Solokoetxeko eskoletan (Bilbon) egingo den jardunaldian. Hitz & Hitz, Parte Hartuz eta Ekologistak Martxan taldeek antolatu dute tailerra.
Goizeko 10:00etan egingo dute harrera eta aurkezpen ekitaldia, eta horren ostean trantsizioa aztertuko dute hainbat ikuspuntutatik. Leire Urkidi eta Izaro Basurko, Ekopol eta Mugarik Gabeko Ingeniaritzako kideak hurrenez hurren, Euskal Herrian trantsizio energetikoa egiteko irizpideez arituko dira; Joserra Becerra ingeniari eta Equoko kideak azalduko du trantsizioa industrian nola egin litekeen; Ekologistak Martxaneko Martin Mantxok azpiegitura handiez hitz egingo du, eta Mikel Otero Fracking Ez plataformako bozeramaileak haustura hidraulikoa izango du hizpide.
Haien ostean, trantsizio esperientzien aurkezpena egingo da, bai norbanakoena, bai herri mailakoa, bai globala.
Arratsaldeko saioan, berriz, Gorka Bueno EHUko ikerlariak Klima aldaketa eta energi trantsizioa Euskal Herrian hitzaldia eskainiko du 16:00etatik aurrera. Tailerraren azken ordua, 17:00etatik 18:00etara, jardunaldiaren ondorioak laburbiltzeari eskainiko diote.