argia.eus
INPRIMATU
Trantsizio ekosozialaz hausnartzeko topaketak antolatu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak
  • Su txikien itsasoa deituriko topaketak antolatu dituzte irailaren 30erako Ozaetan (Araba). Gizarte mugimenduko eragile guztiei luzatu diete gomita,  "harremanak estutzeko", "sinergiak sortzeko" eta elkarren arteko "zoru komun eta erronken" inguruan gogoetatzeko asmoz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko irailaren 14a
"Su txikien itsasoa" deitu topaketak aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta.

Trantsizio ekosoziala helburutzat harturik, Su txikien itsasoa topaketak antolatu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Ozaetako GaraiON Sorgingunean. "Gizarte mugimendu ezberdinok lanean ari gara, eremuz eremu, baditugu proposamenak eta badugu zer esana. Ekimen honen helburua guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea da". Horrela aurkeztu dute hitzordua.

Antolatzaileek argi dute Euskal Herri mailan borroka anitz eramaten direla eta hori esparru anitzetan: gerraren aurka, feminismoan, ekologismoan, pobreziaren aurka… Hori kontuan harturik, "su txikien itsasoa piztu beharra daukagu, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatzeko eta eraikitzeko", adierazi dute.

Egun osoko gogoeta

Trantsizio ekosozialaren baitan jarri nahi diren osagaiei buruzko gogoetari eskainiko diote goiza, 10:00etatik aitzina; eta arratsaldez, elkarlanean bideratu nahi edota beharreko ekimenez eztabaidatuko dute. Eragile sozial eta sindikal orori luzatu dio gomita Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.

Duela hamar urte abiatu zuten Euskal Herriko eskubideen kartari buruzko gogoeta.