argia.eus
INPRIMATU
Trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatzeko hitzordua proposatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak
  • Irailaren 30ean Ozaetako GaraiON Sorgingunean "Su Txikien Itsasoa" ekimena burutko dute, konfluentzia espazio izan nahi duena. Eragile ezberdinen arteko aliantzen garrantzia nabarmendu dute.

Hala Bedi @halabedi 2023ko ekainaren 15a

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile ezberdin ugarik agerraldia egin dute Gasteizen «Su Txikien Itsasoa» ekimena aurkezteko. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen zein herri mugimenduen arteko topaketa-jardunaldi bat antolatu du Eskubide Sozialen Kartak, «guztion arteko harremanak estutu eta sinergiak sortzeko».

«Trantsizio ekosozial justu baterako» ardatz nagusiak eta funtsezko aldarrikapenak zeintzuk diren eztabaidatzeko eta zoru komuna adosteko helburuarekin egin dute deialdia. Trantsizio honen alde modu «ahalik eta koordiantuenean» egiteko agenda sozial partekatua izateaz hitz egiteko parada izango da irailaren 30ean GaraiON Sorgingunean. Data gordetzeko eskatu dute.

Antolatzaileek gonbidapena luzatu dute eztabaida prestatzeko prozesuan parte hartzeko. «Hitz egin eta entzun» logikan oinarritutako prozesu bat jarriko dute martxan, eztabaidaren oinarria ahalik eta eragile gehienen artean eraikitzeko, ondoren irailaren 30ean horiek konpartitu eta sakontzeko. Aipatu dute sinetsita daudela «su txikien itsasoa piztu» behar dugula, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko.