argia.eus
INPRIMATU
Trantsizio ekologiko eta sozialaren alde Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako kaleak hartu dituzte herritarrek
  • Ia ehun gizarte eragile biltzen dituen Larreko Mahaiak antolatu du U30 Aldaketaldia ekimena urtarrilaren 30ean. Hiru hiriburuetan eta hainbat herritan arazo ekologiko eta sozial lokalak eta globalak bistara ekarri dituzte. Agintari politikoei dei egin diete oraingo eredu ekonomiko eta sozial bidegabe eta ez jasangarria alboratu eta norabide aldaketa abia dezaten.

2021eko otsailaren 01a
Bilboko manifestazioan 400 pertsona inguru bildu ziren. Argazkia: Ecuador Etxea.

Gizarte eragile ugariren artean izan dira talde ekologistak, feministak, sindikatuak, arrazakeriaren kontrakoak eta auzo elkarteak. Antolatzaileek adierazi dutenez, urtarrilaren 30eko ekimenak aldaketa baten hasiera baino ez dira izan.

Ecuador Etxeak Bilboko berri jaso du. Manifestazioan 400 pertsona inguru bildu dira. Eusko Jaurlaritzaren eraikinetik hasita, kilometro bat egin, eta Bizkaiko Foru Aldundian amaitu dute. Irakurritako oharrean ondokoa adierazi dute antolatzaileek: “Egungo larrialdi ekosozialaren aurrean, behar beharrezkoa den trantsizio ekologiko eta justu baten aldeko urratsak eman beharrean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak bezala, egoera honetara ekarri gaituzten politikekin jarraitzen du, nahiz eta berde kolorearekin margotzen ahalegindu: azpiegitura erraldoietan (Super Sur, Itsasadar azpiko autobidea, Abiadura Handiko Trena…) diru publikoa xahutuz, premiazkoa den fiskalitate berde eta progresiboa oztopatuz, eukaliptoan oinarritutako baso kudeaketa sustatuz…”.

Gasteizen, Plaza Berrian

Hala Bedi-k Arabako hiriburuan egindako elkarretaratzearen berri eman du. Plaza Berrian elkartu direnean hala irakurri dute adierazpen bateratuan: “Beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu”.

Donostian, Egiako parketik Bulebarrera

Donostiako berri jaso du Irutxuloko Hitzak. Hedabideak adierazi duenez, ehunka herritarrek aldarrikatu dute larrialdi ekologikoa eta azpimarratu larrialdi hau ez dela urruneko kontu bat, baizik eta Euskal Herrian ere sortzen dugula.

Juanmi Galatas Larreko Mahaiko bozeramailearen hitzak jaso ditu Donostiako hedabideak: “Gure kontsumo mailarekin, azpiegitura erraldoiekin, trafiko izugarriarekin sortzen laguntzen dugu larrialdi ekologikoa. Planeta hemen hasten da: hemen egiten dugunak eta ez dugunak eragina du planeta osoan. Arazo global hori lokalera bihurtzea da Aldaketaldiaren helburua”.

Eguzki talde ekologistak Donostiako manifestazioko hainbat argazki, eta herrietako ekintzak eta elkarretaratzeak bildu ditu bere webgunean. Lotura honetan dituzue argazkiok.

Zaldibar gogoan

Otsailaren 6an urtebete izango da Zaldibarko zabortegia bertan behera erori eta bi langile azpian harrapatu zituela. U30 Aldaketaldiaren mobilizazioetan gogoan izan dute Zaldibarren gertatutakoa eta otsailaren 6an Zaldibar Argitu plataformak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.