argia.eus
INPRIMATU
Transgenikoen aurka protesta egin dute mundu osoan larunbatean
  • Monsanto bioteknologia enpresa estatubatuarraren aurka protestatu dute milaka lagunek mundu osoan joan den larunbatean. Enpresa horrek maiz jaso ditu kritikak sei kontinenteetan banatzen dituen hazi transgenikoek eragindako kalte larriengatik, bai ingurumenean, baita nekazari eta kontsumitzaileengan ere.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 27a
Lagun batzuk protestan Montpelierren (argazkia: businessinsider.com)

40 herrialdek baino gehiagok parte hartu dute mobilizazio baketsuan, “Monsantori EZ” oihu egiteko. Multinazionalaren jardueraren kontra protesta egitearekin batera, gobernu estatubatuarrak produktu transgenikoen epe luzerako kalteak ez ikertu izana ere salatu dute.

Estatu Batuetan hasitako mobilizazioak kontinente guztiak hartu ditu, eta zenbait iturrik diotenez, 200.000 aktibistako mugimendua izatera iritsi da. Australiara zabaldu ziren lehenbizi larunbateko mobilizazioak; goizean zehar Japoneko eta Hegoafrikako aktibista gehiago batu ziren; eta Russia Todayk (RT) argitaratu duenez, Erresuma Batuko hiri garrantzitsuenetan ere (Londresen, Bristolen, Glasgown, Manchesterren, Douglasen, Torquayn eta Nottinghamen) manifestaldiak egin dira.

Mugimenduko aktibista Nick Bernabek RTri esan zionez, Monsantoko politikek, beste hainbat kalteren artean, “nekazarien artean suizidio epidemia eragin dute. Indiako adibidea argia da: enpresak uzta oparoa ekarriko ziela zioen hazi bat saldu zien, eta gezurra zela ikusi zutenean, pobreziak jotako zenbait nekazarik bizia kendu zuten”.

Kasu zehatzak salatzeaz gain, mugimenduaren bultzatzaileek produktu transgenikoek izan ditzaketen kalteak munduari jakinaraztea dute helburu. Ikerketa askok, produktu horiek osasunarentzat oso kaltegarriak direla frogatu dute, eta hainbat kasutan kantzerra, ernalkortasun eza eta fetuetan  malformazioak eragin dezaketela.

Informazio gehiago:

Monsantoren jarduera salatu zuen Marie Monique Robin kazetariak. ARGIAn egin genion elkarrizketa irakur dezakezue lotura honetan.