argia.eus
INPRIMATU
Transformatuta abiatuko du 41. edizioa Lekeitioko Euskal Zine Bilerak
  • Indarberrituta hasiko da Lekeitioko Euskal Zine Bilera larunbat honetan: iaz 40. Urteurrena bete ondoren, 40+1 edizioan “Euskal Herrian euskaraz egiten den zine bileraren berrinterpretazioa” prestatu dutela iragarri dute antolatzaileek. Urriaren 6tik 12ra bitartean ospatuko da.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 04a
Iaz 40 urte bete ostean, antzaldatuta dator aurten Lekeitioko zita (argazkia: Euskal Zine Bilera).

Hiru atal izango ditu aurtengo Zine Bilerak: Branka, Ganbara eta Zerumuga. Antolatzaileen arabera, ikus-entzunezkoen iragana, orainaldia eta etorkizuna landuko duten esparruak izango dira eta bakoitzak bere espazioa izango du Lekeitioko zitan.

Euskal Herriko ikus-entzunezko sektoreak gaur egun bizi duen egoeraren erakusleihoa izango da lehenbiziko atala eta horretarako, urteroko lehiaketaz gain –zeinean 20 pelikula ikusi ahal izango diren hilaren 8tik 11ra bitartean–, aurten Maider Oleagaren lanean jarriko dute fokua. Zuzendari bilbotarraren Verabredung filma eskainiko dute urriaren 7an eta Elbira Zipitriaren figuraren inguruan osatu zuen Muga deitzen da pausoa pelikulari buruzko kafe-tertulia egingo dute urriaren 12an.

Gainera, euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko bokazioa duen Benito Ansola bekaren azken irabazleak errodatu duen Atsolorra filma ikusteko aukera izango da.

Etorkizunera eta iraganera begiradak

Zerumuga atalaren barruan, zinemaren ahalmen pedagogikoa esploratuko dute Lekeition. Horretarako Zoom programa pedagogikoa landuko dute herriko ikas-komunitatearekin batera, lantegi, formakuntza saio eta proiekzioekin (Rudi Sosenbergen Hasiberria eta Cat Gerrarden Nonbait, agian hemen proiektatuko dituzte urriaren 10ean eta 11n hurrenez hurren). Atal berean kokatu dute Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako Kameratoia ere, gazteek euskarazko ikus-entzunezkoak sor ditzaten pentsatutako rallya (larunbat eta igande honetan egingo dute).

Ganbara atalean dago Begirada saria. Aurten Euskadiko Filmategiaren 40. urteurrenarekin eta Kimuak katalogoaren 20.arenarekin bate eginez, azken proiektu horrek nazioartera euskal laburmetraiak helarazteko egiten duen esfortzu eta lana omenduko dituzte. Eta sariaren harira, azken urteetan Kimuak katalogoan nabarmendu diren zenbait lan proiektatuko dituzte (Asier Altunaren Zela Trovke, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen Euritan edo Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, besteak beste).

Atzo8 proiektuaren baitan berriz, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, hiru ekintza proposatuko dira: Super8 lantegia, lantegi horretan filmatutako irudiekin sortutako ikus-entzunezko sarea eta Lekeition filmatutako iraganeko irudiekin osatutako erakusketa bat.

Lekeitioko zitan egunez egun aurki daitekeena Euskal Zine Bileraren webguneko agenda honetan kontsulta daiteke.