argia.eus
INPRIMATU
Transfoboak Mastodon sare sozialean: (hemen ere) ez dute ezer ulertu
  • Azkeneko asteak nahiko biziak izan dira Mastodon sare soziala erabiltzen dutenentzat. Espainiako Estatuko ezkerreko txiolari ezagunek abiatutako kanpainaren ondoren, hainbat lagunek Twitter utzi zuten eta sare sozial banatura pasa ziren. Badirudi, ordea, aldaketa masibo horrek elkarbizitza arazoak sortu dituela. Sarez aldatu dutenetako askok ez dute ulertu Mastodon ez dela Twitter eta, beraz, ez duela logika berdinaren arabera funtzionatzen.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko urtarrilaren 08a

Mastodonen instantzia euskaldunetako kideek zalaparta handi samarra sumatuko zuten asteburu honetan denbora-lerro federatuari begiratu baldin badiote. Arrazoia: transexualen aurkako jarrera duten zenbait feminista –TERF gisa identifikatzen dira, ingelesezko “trans-exclusionary radical feminist” izenaren akronimoa– agertu direla mastodon.social instantzian eta aurretik sare horretan zebiltzanekin eztabaida gogor samarrak izan dituztela.

Mastodonek, itxuraz Twitterren antzeko aukerak eskaintzen dituen arren, pixkanaka bere kultura garatu du eta ez da preseski txoritxoaren ikurra daukan sare sozialekoa bezain gatazkatsua. Horrelako plataformetan ohikoak diren meme eta tankerako bromez aparte, elkar laguntzeko joerak pisu handiagoa du eztabaidak irabazteko grinak baino; “atsegin dut” eta “bertoot” kopuruek ez dute gainontzeko sareetan bezainbeste inporta eta erabiltzaileek interes amankomunak partekatzen dituzte. Eztabaidek okerrera egiten badute eta beste erabiltzaileren bat blokeatu behar bada, berriz, espektakulu handirik gabe egin izan da –pantaila-argazkirik atera gabe, inoren aurkako kanpainarik egin gabe–.

Orain arte behintzat, hori izan da joera orokorra. Joan den asteburuan aldatu zen: iritzi transfoboak argitaratu zituzten mastodon.social instantziako bi erabiltzaile espainiarren kontuak itxi zituen bertako administratzaileak eta zenbait tuitstar ohi –Twitterren “Profe Rojo” gisa ezaguna zena, adibidez– zentsura salatzen hasi ziren.

Bakoitzak bere arauak

Baina, Mastodonek, sare sozial bezala, zentsuratu dezake inor? Ez. Elkarrekin federatzen diren instantzien bidez funtzionatzen duen sare soziala denez, instantzia horietako bakoitzak bere arauak ezartzeko askatasuna dauka –adibidez, mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus-en euskaraz idaztea, beste hainbat irizpideren artean–. Nolabait, instantzia bakoitza zentro sozial autogestionatu moduko bat da. Batzuk oso komunitate txikiak, beste batzuk handiagoak, baina denak araudi propioarekin.

 

 

Mastodon.social instantziako administratzaileak transexualen eskubideen aldeko mezua zabaldu zuen polemikaren erdian.

 

 

Twitterretik Mastodonera migratu duten askok, ordea, ez dute hori behar bezala ulertu. Horregatik sortuko zituzten euren kontuak mastodon.social instantzian segur aski, hura baita sare horretako “gaztetxe” handiena. Instantzia horretako araudiak garbi dio, hala ere: gutxiengo sexualen aurkako diskriminazioa duten edukiak ezabatuko dira eta horrelako mezuak zabaltzen dituztenen kontuak itxi daitezke.

Ez zaudela arau horrekin ados? Beste instantzia baten bidez erabil dezakezu Mastodon edo, azken buruan, beti sor dezakezu zure instantzia propioa.

Hor dago auzi honen benetako gakoa. Asteburuan ikusitako zenbait jarrerak interpretazio politikoagoa ere eduki baitezake: zentsura salatu duten erabiltzaileen profilak ikusita, XX. mendeko ezkerrean oso ohikoak izan diren jarrerak ikusten dira, besteak beste, beren estrategia boteregune zentral baten aurkako borrokan ardaztea.

Eta beste sareetan guztiaren erdian dagoen boteregune hori begi bistakoa den arren –denek Neguko Jauregiko nagusien maizter izan behar dugu Facebook, Instagram edo Twitterren–, deszentralizatutako sare honetan gauzak beste era batekoak izan daitezke, baldin eta bakoitzak bere neurrira egindako proiektu komunala eraikitzeko ardura hartzen badu, instantziako administratzailea “Beste Nagusi” lacandar gisa hartu eta haren aurkako borrokan denbora galtzen ibili ordez.

Iraultzaile digital askori, ordea, gehiago kostatzen zaio zerbait sortzen hastea norbaiten kontra jardutea baino.