argia.eus
INPRIMATU
Transexualitatea gaitz psikologikoen zerrendatik kanporatu du Osasunaren Mundu Erakundeak
  • Nahasmendu psikologiko kategoria kendu diote transexualitateari, eta genero inkongruentzia bezala izendatu. Aldaketak kontu fisikora mugatzen du orain arte gaitz psikologikotzat jotakoa.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 19a
Transexualitatearen psikiatrizazioaren kontra Gasteizen egindako elkarretaratzea

Osasunaren Mundu Erakundeak astelehenean egin du publiko eguneratutako Nazioarteko Gaixotasunen Sailkapena, ICD-11 izena duena. Eguneraketaz baliatuta, transexualitatea “sexu osasunari lotutako baldintzak” biltzen dituen epigrafera pasatu dute, “genero inkongruentzia” gisa izendatuz. Aldaketa honekin, transexualitateak orain arte “nortasun eta jarrera nahasmenei” eskainitako epigrafean zeukan tokia betetzeari utzi dio, despatologizaziora bidean pauso bat emanaz.

ICD-11 sailkapenak 1990etik indarrean den ICD-10 sailkapena ordezkatuko du. Aurreko horretan homosexualitatea sailkapenetik at geratu zen. Ordutik, sailkapenaren gaineko bertsio ugari baimendu badira ere, orain artean transexualitatea nahasmendutzat jotzen jarraitu dute, LGTBI kolektiboaren despatologizazio eskakizunei entzungor. Aldaketa honetan eskakizun horiek kontutan hartu dira, nahiz eta kolektiboak eskatzen duen despatologizazio osora bidean bidea dagoen egiteke. LGTBI kolektiboak transexualitatea inkongruentzia ordez, norbanakoen arteko aniztasunaren adierazpen modutzat hartzea eskatzen baitu.

ICD-11 2019ko maiatzean aurkeztuko da Osasunaren Mundu Erakundearen asanblada orokorrean, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.