argia.eus
INPRIMATU
Transexualen eskubideak jasoko dituen Espainiako aurreproiektua urardotuta datorrela salatu dute
  • Transexualen Legea bertan behera geratu zen Espainiako Legebiltzarrean eta orain bi lege batean atera nahi ditu aurrera Espainiako Gobernuak: transexualen eta LGBT berdintasun legeak. Transexualen errealitatea difuminatuta geratu dela, adin txikiko transexualentzat atzerapausoa izan dela eta pertsona ez binarioak kanpoan utzi dituztela salatu du hainbat kolektibok.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko ekainaren 29a

Bi proiektuak fusionatuta, pertsona transexualak galtzen atera direla eta euren errealitate espezifikoari behar bezalako erantzunik ez zaiola ematen salatu du transexualen kolektibo ugarik. Adibidez, enpleguan, hezkuntzan, osasunean, kirolean… pertsona transexualek bizi duten egoera eta horren aurreko babes legala asko murriztu dela salatu dute.

Adin txikikoen artean, ezberdintasunak

Lege proposamen berriarekin, 14 urtetik gorakoek sexua aldatu ahal izango dute erregistroan, medikuaren txostenik edota tratamendurik gabe. Alegia, beren identitatearen autodeterminazioa onartuko zaie, beti ere gurasoen baimena ezinbestekoa delarik.

Ordea, adina 14 urtetan ezartzea atzerapausoa dela kritikatu du Naizen elkarteak (Hego Euskal Herriko transexualen familien elkarteak), zenbait kasutan sexua aldatzeko aukera aitortu egin zaielako 11 eta 12 urteko haurrei ere, Auzitegi Konstituzionalak hala ebatzita.

Aurreproiektuaren arabera, 12 urtez azpikoek ez dute autodeterminazio eskubiderik (izena baino ezingo dute aldatu), eta beraz 12 urtera arteko transexualen eskubideak alboratu izana salatu dute. 12 eta 14 urteen artean, epaitegien onespena beharko dute (eta gurasoena) erregistroan sexua aldatzeko.

Pertsona ez binarioak ere, kexu

Espianiako Legebiltzarrak atzera bota zuen hasierako proiektuak pertsona ez binarioak aipatzen zituen eta NAN agirian hirugarren laukitxo bat jartzea eskatzen zuten, binario ez diren pertsonentzat. Baina herritar ez binarioak guztiz ezabatu ditu aurreproiektu berriak, kolektiboek adierazi dutenez.