Gaur egun 900 kilometrora tratatzen dituzte haien kasuak, Malagan. Iruñean zentro espezializatu bat sortu bitartean, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen batek arreta Barakaldon izatea ahalbidetuko luke.
Nafarroako Legebiltzarrak Foru Gobernuari eskatu dio sexuz aldatu nahi duten pertsonak aukera izan dezaten trantsizio prozesuko arreta guztia, ebakuntza barne, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean jasotzeko. Gaur egun 900 kilometro baino gehiago bidaiatu behar dituzte gai honekin erlazionatuta dagoen kontsulta bat duten aldi oro, Malagan baitago Osasunbideak erabiltzen duen erreferentzia zentroa.
Egoera hori “onartezina” delakoan, transexual nafarrak Barakaldon artatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat negoziatzea proposatu du Geroa Baik. EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak mozioaren alde bozkatu dute, Navarra Suma eta PSN, aldiz, abstenitu egin dira.
Azken alderdi horrek, Ahal Dugurekin batera, gainerako talde guztiek onartu duten ekarpena egin dio (G)gobernuko kideen proposamenari: Nafarroan bertan sexu aldaketan espezializatutako osasun zentro bat sortzea Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, Transbiderekin koordinatuta. Pertsona transexualei, transgeneroei, intersexualei eta beren familiakoei eta gertukoenei kalitatezko arreta integrala bermatzeko diziplinarteko unitate teknikoa da erakunde hori. Nafarroako Gobernuak 2017an sortu zuen sexuz aldatzeko prest dauden pertsonei prozesu osoan doako arreta bermatzeko eta haien egoera despatologizatzeko.
Gainera, PSNk eta Ahal Duguk eskatu dute ebakuntzak Nafarroan bertan egitea edota pazienteak Gurutzetara bideratzea posible ez izatekotan, tratamendua Malaga baino gertuago dauden Espainiako Estatuko beste ospitale publikoetan jaso ahal izatea. Horretarako, Foru Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatu dio sexu aldaketan espezializatuak dauden ospitale publikoen sarea indartzeko.