Maiatzaren 5ean mobilizatzeko deia luzatu dute 800 eragilek Politis komunikabidean plazaraturiko iritzi artikulu baten bitartez. Tartean daude besteak beste, Annie Ernaux idazlea, Hiesaren aurka dabilen Act Up elkartea, Planning Familial talde feminista ezaguna, Clémentine Autain diputatua, transen eskubideen aldeko Espace Santé Trans elkartea eta Manifesto XXI komunikabidea.
Emendatuz doan transfobiaren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute Frantziako Estatuko 800 eragilek maiatzaren 5erako. Bitxi Bitxi, Planning Familial ala bestek, Ipar Euskal Herri mailan ere zabaldu dute deia eta hitzordua jarri dute iganderako, 12:00etan Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Norberak bere gorputzaren burujabe izateko eskubidearen alde aterako dira karrikara Lapurdiko hiriburuan, zein beste 30 bat hiritan.
Transen aurkako erasoen gorakada nabaria den honetan, bi gertakizunek aktibatu dute erantzun bateratu hau. Batetik, Errepublikarrak eskuineko alderdiko senatarien lege proposamenak, zeinek debekatuko lieken transizioa bideratzeko aukera adin txikikoei. Gainera, haur transen gaineko kontrol psikiatrikoaren indartzea ekarriko luke testuak, baita laguntza bideratzen dieten medikuentzako bi urte arteko kartzela-zigorra ere. Gisa bereko testu bat aurkezturik du eskuin muturrak Legebiltzarrean. "Adin txikikoak dituzte helmugatzat, baina ez dira hor geldituko. Errepublikarren txostenak dagoeneko planteatzen du 25 urtetik beherako helduentzako edozein trantsizio debekatzeko aukera. (...) Haien logika, azken finean, trantsiziorako edozein aukera debekatzea da, adina edozein dela ere", irakurri daiteke Politis-ek zabalduriko idatzian.
Bestetik, eskuin muturrak sustaturiko Transmania izeneko liburu transfoboaren publikazioak ere haserrea eta kezka piztu ditu. Dora Moutot eta Marguerite Sternek publikaturiko liburua da, lehena feminismoaren alorrean idazten arituriko kazetaria da eta bigarrena, Femen taldeko kide ohi bat. Diskurtso esentzialistan oinarrituriko transen aurkako muturreko irakurketa dakar liburuak.
Frantziako Estatuaz zabalago, nazioarte mailan zabalduriko transfobiari aurre egin beharra azpimarratzen dute 800 izenpetzaileek: "Erresuma Batuan, Quebecen, Italian, Norvegian, Finlandian, Suitzan... nabari da transaren aurkako erasoa izango dela datozen hilabete eta urteetako erreakzionarioen ardatz nagusietako bat. Haurren osasunaz eskuinak eta eskuin muturrak duen kezkari buruzko ilusiorik ez dugu. Izan ere, sexu-zatiketa indartzea da haien helburua, gazte transen eskubideei eraso eginez eta intersex haurren mutilazioei eutsiz. "Sistema kapitalistaren krisi berri baten sarturik garela, 'barne etsai' bat sortzea dute helburu, zapalduak euren artean banatzeko gisan".
Eraso transfobo horiei aurre egiteko bidean, kolektiboki eta aliantzen bidez antolatzeko beharra azpimarratu dute 800 izenpetzaileek.