argia.eus
INPRIMATU
Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero Identitatearen Unitateko (GIU) profesionalek osatutako sarean oinarrituko da eta EAEko lurralde bakoitzak bere sare propioa izango du. Arreta emateko gida sanitarioa ere iragarri dute, baina zenbait trans kolektibok kritikatu dute ez dituztela haien eskariak kontuan hartu.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 02a

Aurten Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak abian jarriko dituela iragarri du Osakidetzak. Hala ere, neurri hori aurrera eraman aurretik, trans pertsonei arreta emateko gida sanitario bat argitaratuko dutela adierazi dute, pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko 2024ko otsailean legebiltzarrak onartutako Trans Legeari jarraiki. Dena den, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT trans kolektiboek kritikatu dute ez direla eurekin elkartu gida hori elkarrekin osatzeko, nahiz eta kolektiboek hala eskatu zieten.

Osakidetzak ezagutarazi du amaierako helburua dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea. Gidak gai hauek lantzea aurreikusi dute: trantsizio medikoko prozesuetan jarduteko gomendioak, zirkuituen definizioa eta trans pertsonen eskubideak.

Asistentzia Sanitarioko zuzendari Maite Martinez Zabaletak adierazi du LMAko taldeek trans pertsonei harrera egitea eta prozesu osoan zehar laguntzea funtsezkoa dela, eta horrek arreta inguru atsegin eta hurbilean eskaintzeko aukera emango duela. tLMAZak genero-aniztasunaren arloko prestakuntza duten psikologoek osatuko dituzte. Erabiltzaileei eta haien senideei laguntza psiko-emozionala ematea eta LMATetako eta GIUko profesionalekin koordinatuta lan egitea izango dira haien eginkizun, besteak beste.

Prozesutik kanpo, trans kolektiboak

Martinezek ziurtatu duenez, gida sanitarioa osasun zerbitzuetako profesionalen eta transexualen eta familien elkarteek "eskutik" egin dute. Parte hartze hori gezurtatu dute Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek ohar batean. Salatu dute ez dutela "inolako borondaterik" jaso Osakidetzaren aldetik: "Geuk parte hartzeko borondatea argi eta garbi erakutsi arren, gure erakundeetako bakar bati ere ez zaio deitu, ezta entzun ere, gida lantzeko; jaso dugun informazio guztia komunikabidetan jasotakoa besterik ez da izan".

Trans kolektibo horiek ziurtatu dute Osasun sailburuari bilerak eskatu dizkiotela, eta abenduaren 17an Enrique Peiró Osasun sailburuoredearekin bildu zirela: "Gure eskaerak azaldu genizkion, eta gida horretan gure parte hartzea ahalbidetzeko konpromisoa hartu zuen". Agindutakoa ez betetzea leporatu diete osasun arduradunei, eta kritikatu dute Osakidetzak trans gaia "medikuntza eremu hutsean" kontzeptualizatzen duela, eta trans kolektiboari erabakitzeko eskubidea kentzen diola. Trans Legeak jasotzen dituen printzipio nagusiekin "kontraesanean" daudela ohartarazi diete arduradunei, "subjektu politikoaren aitorpena eta gure gorputzei eta prozesuei buruz erabakitzeko dugun eskubidearekin", hain zuzen.

Oharraren sinatzaileek, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek, elkarlanerako deia egiten diote Osakidetzari, eta eskaera zuzena egin: "Gida egiteko urrats gehiagorik ez emateko, kolektiboei aurkeztu arte eta eskubide horien subjektu garen gu entzun arte, dokumentua eguneratzeko proposatutako neurriekin".