argia.eus
INPRIMATU
Trans Legeari buruz jakin beharrekoak
  • Trans Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako legearen zirriborroa aurkeztu du Espainiako Gobernuak. Sexu aldaketa egiteko gaur egun dauden baldintzak ezabatzen ditu eta pertsonaren “berariazko adierazpena” soilik izango da beharrezko. Feminismoaren baitan kokatzen da lege zirriborroak eragindako debatea, hona zenbait gako eztabaida ulertzeko:

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 09a

Trans Legearen zirriborroa

 

Neurri berriak esparru ezberdinetan proposatu dituzte, osasunean, hezkuntzan, kirolean eta espetxean ere, pasa den astean azaldu genituenak. Momentu honetan indarrean dagoen legeak genero disforia “diagnostikatzea” eta gutxienez bi urteko hormonazio tratamendu bat jarraitzea ditu baldintza moduan sexuz aldatu ahal izateko, baina Lege zirriborro berriaren helburua transexualitatea despatologizatzea da. 

Adin- txikikoen kasuan?

Adin txikikoak ere proposamenaren parte dira, 12-16 urte bitarteko umeak gurasoen edo tutorearen baimena beharko dute sexuz aldatzeko. Guraso eta seme-alaben artean desadostasunak egonez gero, defendatzaile judizial bat ezarriko da. Adin-gabeen hormonazioan, nerabezaro hasieran hormona blokeatzaileak eta tratamendu gurutzatua proposatuko dira. Adin-gabeen kasuan ere, bi urtez hormonatu beharra ezabatuko luke legeak.

Kontrako iritziak

Feminismoaren sektore jakin baten ustez, Confluencia Feminista edota Alianza contra el Borrado de las Mujeres taldeak adibide, genero autodeterminazioak emakumeen eskubideak “arriskuan” jartzen ditu. Adibide moduan, erasotzaileek espetxeetan emakumeen moduluetan sartzeko aukera izango dutela eta Genero Indarkeriaren Legea saihestuko dutela diote. Trans Legearen zirriborroak aldiz, bere artikuluetan, honako hau adierazten du: "Legezko sexua aldatzeak ez du aldatuko pertsonaren eskubide eta betebehar juridikoen titulartasuna aldaketaren aurretik". Eta, bereziki, Genero Indarkeriari buruzko Legean "ezarritakoaren ondorioetarako".

Aldeko iritziak

Feminismoaren beste sektore bat eta LGTBI+ kolektiboa aldiz, zirriborroaren alde daude, trans pertsonen eskubideak errespetatu behar direla azpimarratzen dute. Trans kolektiboak urteak daramatza autodeterminazio eskubidea eskatzen eta adierazi dute haien identitatea errespetatzea baino ez dutela aldarrikatzen. “Emakume transak ez gara emakume sentitzen garen gizonak, emakumeak gara emakume gisa ulertzeko gaitasuna dugunetik”, adierazi du Lesbiana, Gay, Trans eta Bisexualen Espainiako Estatuko Federazioak.