argia.eus
INPRIMATU
Trans Legearen onarpena bultzatzeko eskatu diete euskal diputatuei Euskal Herriko LGTBI kolektiboek
  • Transen eskubideak murrizten dituzten zuzenketen aurkako adierazpenaren bidez, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten Hego Euskal Herriko diputatuei zenbait eskakizun helarazi dizkieten hainbat LGTBI kolektibok. Trans Legearen onarpena bultzatzea eskatu diete, baita legeari egiten zaizkion zuzenketa batzuk oztopatzea eta beste batzuk defendatzea ere; zehazki, trans pertsonen eskubideak mugatzen dituzten zuzenketei babesik ez erakusteko eskatu diete, eta kontrako norabidean doazenak defendatzeko.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 09a

Euskal Herriko LGTBI kolektiboaren parte diren hainbat kolektibok sinatu dute Transen eskubideak murrizten dituzten zuzenketen aurkako adierazpena. Zehazki, Loratuz Lotu, Siendo Tu, Dekumas, Fenix, Lumagorri, Transkolore, Kattalingorri, EHGAM, Ozen! LGTB, Sare Lesbianista eta Safikak taldeek izenpetu dute manifestua, helburu argiarekin: Trans Legeari Espainiako Kongresuan jartzen ari zaizkion oztopoak salatzeko batetik, eta Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten Hego Euskal Herriko diputatuei legearen onarpena bultza dezatela eskatzeko, bestetik.

Elkarteek 2021eko maiatzean proposatu zuten testuari hasieratik jarri zaizkion trabak azpimarratu dituzte adierazpenean. Gogorarazi dute hastapeneko testu haren tramitazioa baztertu egin zela lehenik, eta haren tokian Ministroen Kontseiluak aurkeztutako proposamenak "hasierako testuarekin alderatuta eskubideen murrizketa argiak" jasotzen zituela. "Geroago, Estatu Kontseiluak hilabeteak behar izan zituen loteslea ez zen nahitaezko txosten bat egiteko, nahiz eta Berdintasun Ministerioak lege hori urgentziaz izapidetu. Azkenik, Legebiltzarreko izapidea hasi da eta PSOEk behin eta berriz luzatu du, eskuinaren eta ultraeskuinaren babesarekin".

Bilakaera horrek adierazten duenez, Trans Legearen tramitazioa gatazkatsua izaten ari da Espainiako Parlamentuan. Hein handi batean, PSOEren baitan legearen aurka dauden ahotsek eraginda. Zuzenketen bidez, saiatzen ari dira legeak trans pertsonei emango lizkiekeen eskubideak mugatzen. Horren adibide genero autodeterminazioari jarri nahi dion traba, eskatuz 14 eta 16 urte artekoek baimen judiziala behar izatea sexu aipamenean aldaketa egiteko, jatorrizko proposamenak zioenaren kontrara.

Transen eskubideak mugatzen dituzten gisako zuzenketen aurrean, "epeak gehiago luzatu gabe", transen eskubideak zabaltzeko xedea duten zuzenketak babesteko eskatu diete euskal diputatuei Euskal Herriko LGTBI kolektiboek. Zentzu horretan, ondoko eskakizuna ere helarazi diete: Trans Legea bozkatzeko unea iristean, beren alderdiko boto diziplina haustea, baldin eta boto horrekin araua oztopatuko edo transen eskubideak murriztuko dituen zuzenketaren bat onartuko bada.

Egoera premiazkoa dela gogorarazi dute, batez ere, legea onartu artean transek eguneroko indarkeriei aurre egin behar dietelako. "Transfobia gure bizitza une oro zeharkatzen duen egiturazko indarkeria bat da; lanaren, eskolaren, osasunaren, erakundeen eta abarren esparruan". Are, legearen tramitazioa luzatzeak eta legearen harira sortu den gatazkak indarkeria hori areagotzea ekarri duela salatu dute: "Astez aste, egunez egun, hazten doan areriotasuna sortu du. Iraindu, mespretxatu eta zalantzan jartzen gaituzte. Trans identitateak solasaldien xede dira, non mundu guztiak duen iritzia emateko eskubidea, eta hori gertatzen den bitartean, indarkeria giroa hazten doa gure aurka. Gezurrez betetako eztabaida ireki da, izen ona kentzeko irrikaz, gizartearen bazterrera aldentzen jarraitzeko irrikaz".

Hori horrela, trans kolektiboa "eskubideen subjektu gisa" onartzea eskatu dute. Defendatu dute genero autodeterminazioaren eskubidea bermatu beharko litzatekeela, EAEko eta Nafarroako legeetan jasota dagoen eskubidea denez gero. "Posible izan bazen hango legebiltzarretan gehiengo politikoak eskubide hori onartzea, orain zergatik ez?, luzatu dute galdera.