argia.eus
INPRIMATU
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan
  • Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Leire Artola Arin 2024ko otsailaren 13a

2023ko otsailaren 28an martxan jarri zen Trans Legearen funtsetako bat zen trans pertsonen eskubideak errespetatzea Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzerakoan. Ordura arte ziurtagiri mediko bat eskatzen zioten aldaketa egin nahi zuen pertsonari, hala nola hormonak hartzen ari zela bermatzeko. Legea aldatu zenetik ez da halakorik behar, eta adin txikikoen eskaerak ere arautzen ditu.

Urtebetean Bizkaian 152 pertsonak, Araban 45ek eta Gipuzkoan 30ek egin dute aldaketa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako departamenduak jakinarazi duenez. Dena den, beste hainbatek ezin izan dutela egin gogorarazi du LGTBI kolektiboko aktibista Asmi Ananda Molinak, oztopoak direla eta, El Diario Vascori jakinarazi dionez: “Pertsona batzuek ezin dute euren nortasuna adierazi, sistema bitarra dugulako, maskulino eta femeninoarena. Pertsona ez bitarrak daude, ez direnak eroso sentitzen definizio horiekin, eta intersexualak ere bai”. Ananda Molinak dio kolektibo horien guztien eskubide berdintasuna behar dela, eta estatuko legeak zein EAEkoak hutsune hori dutela.

Bestalde, Justizia kontseilariordearen esanetan, “garrantzia handiko” pausoa da, nahiz eta prozesua “erraz samarragoa” izan orain: “Batzuek prozesua bertan behera uzten dute, konturatzen direnean horrek duen eragina. Jendeak iraganeko bizitza zibila dauka, eta dena aldatu behar da”. Prozesua konplexua da, Erregistro Zibilean ez ezik, gainerako dokumentu eta ziurtagiri guztietan egin beharko luketelako aldaketa. Hortaz, jakinarazi dute batik bat 14 eta 19 urte arteko gazteak direla aldaketa egiten ari direnak, eta gutxiago 40 edo 50 urtetik gorakoak.