argia.eus
INPRIMATU
Trans Legea eta balizko ezabaketa

EHGAM Nafarroa 2021eko ekainaren 14a

Hilabeteak daramatzagu Diputatuen Kongresuan trans pertsonen eskubideak jaso eta babestuko dituen lege bat onartzearen inguruan sortu den zalaparta ikusten, eta harridura da nagusi.

Agerian geratu da eztabaida horren atzean interes alderdikoiek eta protagonismo nahiak bat egin dutela bidean, eta horrek mesede txikia egiten diola defendatzen dutenari. Horren argibide garbia PSOEren jarrera dugu: Nafarroatik ikusita, ez dugu ulertzen erakutsi duen jarrera, Nafarroako LGTBI+ legearen izapidetzean eta onarpenean PSNk proposatu eta defendatu zuena gogora ekartzen badugu. Nafarroako LGTBI+ legeak trans pertsonen eskubideei buruzko atal luzea du eta garrantzitsuena jasotzen du: pertsona ororen genero-autodeterminazio eskubidea.

Erakutsitako zalantzazko jarrera horren aitzinean (edo jarrera estrategikoaren aitzinean) bat egin dute lege horrek emakumeen ezabaketa ekarriko duen ustea defendatzen duten taldeekin. Aitzitik, ez da honelakorik gertatu genero-autodeterminazio eskubidea jasotzen duten legeak dauden herrialdeetan. Autodeterminazio eskubideak esan nahi du inork ez diola emakume bati esan behar hala den ala ez. Ezta gizon bati ere.

"Zinez aurrera egin genuen lege-mailako trantsitua egiteko genitalen esku-hartzerik derrigorrezkoa ez zela jasotzen zuen legea onetsi zenean. Orain despatologizazio errealaren unea da"

Aliantza bitxiak ikusi ditugu; era berean, ikusi dugu deus gutxi esaten dutela emakumeek historian zehar patriarkatuaren uztarpean izan duten benetako ezabatze sistematikoaz: zientzietan ezabatutako emakumeak, emakume bakar bat ere ez dagoen Filosofiaren Historiako hezkuntza-curriculumean ezabatuak, erabaki-organoetan ezabatuak, oinarrizko eskubideetan ezabatuak, hizkuntzan ezabatuak...

EHGAM-Nafarroak genero-autodeterminazioa jasotzen duen trans lege baten aldarrikapenarekin bat egiten du, eta estatu-mailakoa izatea defendatzen du, Nafarroako legea –oso ona izanik ere– eskubide jakin eta garrantzitsu batzuetan motz geratzen baita.

Nafarroako legea onartu zenean, Estatuak helegite-mehatxua egin zuen, baldin eta argi geratzen ez bazen honako hau: "Interesdunaren nortasun juridikoa ezin izango da aldatu martxoaren 15eko 3/2007 Legean araututako erregistro-inskripzioaren zuzenketa egiten ez den bitartean". Ezein autonomiak ezin du aldatu erregistroan pertsonaren generoari buruzko informazioa. Eskubide hori Madrilen legeztatzen da.

Joan den martxoaren 17an gogorarazi genuen duela 3 urte soilik ezabatu zela transexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik, non genero-disforiaren gaitzat hartzen baitzen. Erregistro-zuzenketa arautzen duen 3/2007 Legean jasotakoa atzean ez uztea trans pertsonen aurkako indarkeria instituzionaleko ekintza bat da; izan ere, lege horretan jasota dago genero-disforia diagnostikatu zaion sexuaren aipamena erregistroan zuzentzea erabakitzeko betekizunen artean, eta, horretarako, medikuaren edo psikologo klinikoaren txostenaren bidez egiaztatu behar da, baina, horrez gain, bi urteko medikatzea eskatzen zaio aldarrikatzen duen genero-adierazpen sozialera hurbiltzeko. Beste era batera esanda: nahasmendu-mentala duten eta medikatzea behar duten pertsona gisa tratatzen dira.

Zinez aurrera egin genuen lege-mailako trantsitua egiteko genitalen esku-hartzerik derrigorrezkoa ez zela jasotzen zuen legea onetsi zenean. Orain despatologizazio errealaren unea da, pertsona ororen eskubide besterenezintzat hartzea. Inork ez digu erraten nor garen.

PSOEri eskatzen diogu, exijitzen diogu, koherentzia: defenda dezala Madrilen hainbat Erkidegotan babestu duen eskubidea.

Guk, benetako berdintasuna erdiestearren, trans pertsonen taldeekin elkarlanean segituko dugu karriketan zein instituzioetan. Eta bide hau transfeminismoaren ondoan eginen dugu.