Araban otsailaren 6an eta 7an egingo dituzte protestak. Nafarroan, otsailaren 6rako egin du deialdia sindikatuez gaindiko talde batek, eta Bizkaian otsailaren 9an Bilbon elkartuko dira. 60 laborarik Pirinio Atlantikoetako lurralde eta itsas zuzendaritza okupatu dute Baionan, astelehen goizean. Handik prentsaurrekoa ematekoak dira.
Bilboko Areatzan elkartuko dira traktoreak
EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaiak elkarrekin iragarri dituzte mobilizazioak. Otsailaren 9an Bilbon elkartuko dira. Traktore ilarak ondoko herri eta bailaratatik abiatuko dira: Karrantza, Gernika, Mungia, Durangaldea, Markina eta Erandio. Denak Areatzan elkartuko dira. Han, merkatu garden bat egingo dute, eta hutsean ontziratutako bildots laurdenak eskainiko dituzte, prezio justu batean. Ekintza horrekin, Zeelanda Berriko arkumea ekartzeak dakarren mehatxua salatu nahi dute, eta bertako arkumea balioan jarri ere bai.
Bi sindikatuen ustez, nekazaritza sektoreak “erantzun zehatzak eta errealak behar ditu bere arazoentzat”, eta eskariak hiru ardatzetan bildu dituzte.
Lehenik, merkataritza askeko akordioen negoziazioak berehala etetea eskatu dute. Adibidez, Europako Batasunaren eta Mercosurren (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai) arteko ituna bertan behera uztea eskatu dute, baita Zeelanda Berriarekin akordioa ez berrestea ere. Orokorrean, merkataritza askeko negoziazio denak gelditzea eskatu dute.
Bigarrenik, elikadura politikak merkatuaren erregulazioan oinarritutakoak izatea eskatu dute, hala, baserritarrek eta nekazariek ekoizpen prezio duinak izan ditzaten. Ekoizpen kostuen azpitik saltzea debekatzea eskatu dute.
Hirugarrenik, Europako Nekazaritza Politika sinplifikatzea ezinbestekotzat jo dute, “burokrazia gehiegizkoa” jasan behar izaten dutelako eta horrek kostu “onartezinak” eragiten dizkielako.
Nafarroan, EHNEk eta UAGNk aurki zehaztuko dituzte mobilizazioak
Otsailaren 6an edo 7an bi sindikatuak bilera egitekoak dira eta orduan zehaztuko dituzte ekintzak. Patxiku Irisarri Nafarroako EHNE sindikatuko idazkari nagusiak ARGIAri azaldu dionez, nekazarien eta abeltzainen eskakizunak Europako Batasunari begirakoak dira bati bat, eta hauteskundeak ekainean direnez, denbora tarte horretan kudeatuko dituzte protestak. Bi sindikatuak COAG Espainiako Nekazari eta Abeltzainen Koordinadoran daude. Espainiako antolamenduak adostu du Madrilen protesta bat egingo dutela, data oraindik jarri ez badute ere.
Otsailaren 6an, Nafarroako hainbat eskualdetako nekazariak eta abeltzainak protestak egitera deitu dituzte. Sindikatuetatik at, Whatsapp talde bat sortu zen urtarrilaren 28an, eta ia mila pertsona batu dira egun hauetan.
Sagrario Zabaleta kazetariak, Diario de Noticias de Navarra egunkarian, urtarrilaren 28an argitaratutako albistean, Whatsapp taldearen inguruko hainbat datu eskaini zuen. Zabaletaren arabera, bideo batean Lola Guzmán nekazari valentziarrak otsailaren 6rako mobilizazioak iragarri zituen Nafarroan eta Espainiako Estatuko beste hainbat erkidegotan. Zabaletaren iritziz, ekintza horrek Garraioaren Plataforma Nazionala sortu zenekoa gogorarazten du. Plataforma hura patronalen eta sindikatuen loturarik gabe sortu zen eta Voxen babesa zuen.
Araban, otsailaren 6an eta 7an
UAGA sindikatuak ekitaldi nagusia 7an egingo du Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Traktoreak otsailaren 6an abiatuko dira hainbat tokitatik eta Jundiz industrialdean batuko dira 10:00ak eta 11:00ak bitartean. Inguruko aparkaleku batean gaua igaro ondoren, ilaran joango dira Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrera. Sindikatuak agiri bat irakurriko du. Ondoren, berriz ere Jundiz industrialdera joango dira, eta han, logistika plataformen aurrean protestak egingo dituzte.