argia.eus
INPRIMATU
Trafiko eskumena Nafarroaren esku uzteko dekretua atzera bota du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Guardia zibilen Jucil elkarteak jarri zuen helegitea. Gorenak ebatzi du posible dela trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku lagatzea, baina Foru Hobekuntzan jasota ez dagoen eskumena izanik, horretarako beste bide bat bilatu beharko litzatekeela: esaterako, Foru Hobekuntza bera erreformatzea, edo eskualdaketa lege organiko gisa onartzea Espainiako Diputatuen Kongresuan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko otsailaren 20a

Espainiako Gobernu frankistak 1959an kendu zizkion trafiko eskumenak Nafarroari, eta, atzera ere, iazko uztailaren 1ean berreskuratu zituen, PSOEren eta EH Bilduren akordioaren eraginez. Joan den urteko martxoan egin zuen iragarpena Maria Chivite lehendakariak, eta jakinarazi bost urtez luzatuko zela eskualdatze prozedura osoa.

Espainiako Gobernuak errege dekretu bidez jarri zuen indarrean eskualdatzea eta, orain, Espainiako Auzitegi Gorenak indargabetu egin du prozedura egokia izan ez delakoan. Gorenaren arabera, posible da trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku lagatzea, baina errege dekretuz ezin da agindu, ez dagoelako jasota Nafarroako Foru Hobekuntzaren parte diren eskumenen artean. Beraz, Gorenak iradokitzen duena da Foru Hobekuntza erreformatzea, edo lege organiko bidez arautzea eskualdatzea, bestela. Hau da, azken kasu horretan Espainiako Kongresuaren onespena beharko luke.

Chivite: "Nafarroaren autogobernua eta erregimen forala babestuko ditut"

Gorenaren erabakia hedabideen bitartez jakin duela eta, "harrituta" azaldu da Chivite lehendakaria astelehen arratsean urgentziaz eginiko prentsa agerraldian. Informazioa heldu zaion moduaz bi hitz baino ez ditu egin: "Kuriosoa izan da; horretan utziko dugu". Era berean, ulergaitza egiten zaio Gorenaren erabakia.

Dena den, errege dekretuz ez bada ere, trafiko eskumena Nafarroan gera dadin aurrera egingo du Nafarroako Gobernuak, eta bideak aztertuko dituela hitzeman du. Gainera, Espainiako Gobernua "aurrerakoia" dela esan eta eskumenen transferentzia gaietan "sintonian" daudela nabarmendu du.

Aznal: "Nafarroako burujabetzaren aurkako eraso larria da"

Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko eledun den Laura Aznalek "oso larritzat" jo du trafiko eskumenaren eskualdatzea indargabetzeko Gorenaren epaia. "Gehiengoaren borondate politikoz eskumen hau lortu dugunean, Espainiako epaitegi batek eskumen hori gauzatzeko aukera kendu digu. Ez dugu onartzen, oso larria da eta Nafarroarentzat oso albiste txarra (...) Edonola ere, alderdien gainetik, Nafarroaren aldarrikapen historikoa izan da; Nafarroako gobernu guztiek eskatu izan dute, baita UPNrenak ere".

Eskuinaren kanpaina gogorra

Iazko martxoan Chivitek iragarpena egin zuenetik, Navarra Sumak eta Espainiako eskuinak kanpaina gogorra egin dute gaiaren inguruan, batez ere EH Bilduk transferentziaren gaia sartu zuenean PSOErekin egindako Espainiako Gobernuaren aurrekontu akordioetan.

PSOEri EH Bilduren eskuetan egotea leporatu diote etengabe, eta Guardia Zibila Nafarroatik kanporatu nahi izatea. Testuinguru horretan, Jucil guardia zibilen elkarteak errekurtsoa aurkeztu zion eskualdatzea agintzen zuen errege dekretuari.

Baina eskualdatzearen errege dekretuak ez du Guardia Zibila Nafarroatik kanporatzea agintzen, Xabier Letona Biterik albiste honetan kontatzen zuen moduan: Nafarroan 1.581 guardia zibil daude eta horietatik %10 bakarrik aritzen da trafiko lanetan. Guardia zibil horiek aukera izan dute, hala nahi izanez gero, Foruzaingora sartzeko. Eskumenaren transferentzia prozesua bost urtez luzatzea aurreikusten zen, Foruzaingoak eskuduntzei ekiteko behar dituen 149 polizia izan arte.

Eskualdatzearen bidez, Foruzaingoak honako funtzioak berreskuratzea kontenplatzen zen: isunak jartzeko eta kentzeko ahalmena, autoeskolen eta gidabaimenen bideratzea, bideko segurtasuneko formazioa eta kanpainak, istripuei buruzko informazioaren kudeaketa, eta kirol edo bestelako ekitaldietan errepideak kontrolatzea.