argia.eus
INPRIMATU
Toxiko kantzerigenoak aurkitu dituzte umeentzako pixoihaletan
  • Ikerketa batek glifosatoa eta beste hainbat toxiko arriskutsu aurkitu ditu Frantzian saltzen diren pixoihaletan. Hori bereziki kaltegarria da umeentzat, horrelako substantziekiko sentiberagoak direlako.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 27a

Guztira hamabi pixoihal marka aztertu ditu ikerketak, eta horietako hamarrek toxiko  arriskutsuak dituztela frogatu du. Besteak beste, glisofato herbizida arrastoak aurkitu dituzte pardeletan. Sustantzia horrek hormonak kutsatzen dituela eta kantzerigenoa dela diote hainbat txostenek.

Glisofatoa eta aurkitu dituzten beste substantziak pixoihaletan egotea bereziki arriskutsua da. Izan ere, pardelak etengabeko kontaktuan daude umearen azalarekin, eta horrek erraztasunak ematen dizkio gorputzari toxikoak barneratzeko, are gehiago azala narrituta badago.

Frantziako 60 Millions de Consommateurs aldizkariak egin du ikerketa, eta otsailean argitaratuko du glisofato hondakinak dituzten pixoihal marken zerrenda. Momentuz, adierazi du Baby Dry eta Eco Planete direla kutsatuen daudenak, eta inolako toxikorik ez duten markak Love&Green eta Leclerc direla.  

Umeak helduak baino sentiberagoak dira substantzia toxikoekiko

Umeen kasuan, organismo sistema ez dago guztiz eratua, osatzen ari da oraindik. Euren gorputza oso modu azkarrean ari dira hazten eta garatzen. Hori dela eta, kilogramoko, heldu batek baino substantzia toxiko gehiago xurgatzen ditu ume baten azalak. Horrez gain, gaitasun txikiagoa dute kanpoko kutsatzaileak neutralizatu eta deuseztatzeko.

Toxikoek ez dute berehalako kalterik eragiten, baina hainbat urte igaro ostean azaldu daitezke ondorioak, baita hurrengo belaunaldietan ere.