argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourreko zuzendariak agindu du euskara aintzat hartzeaa Ipar Euskal Herriko etapan
  • Euskaltzaindiaren eskariari erantzunez, Christian Prudhomme Frantziako Itzuliaren zuzendariak agindu du uztailaren 28an Senpere eta Ezpeleta bitartean jokatuko den etapan seinale elebidunak jarriko dituztela eta lasterketako mintzalari ofizialek mezuak euskaraz eta frantsesez emango dituztela. Hala jakinarazi du Euskaltzaindiak.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 21

Akademiak urtarrilean bidali zion gutuna Tourreko zuzendariari (Euskal Herrian antolatuko diren sona handiko beste hainbat ekintza eta jaialditako antolatzaileei ere bidali zien) “euskal herritarren eskubideak” kontuan har ditzatela eskatuz. Zeregin horretan laguntzeko prest agertu zen Euskaltzaindia.

Erantzuna orain iritsi da eta baikortasunez hartu Euskaltzaindiak, garrantzitsua iruditzen baitzaio “Tourreko Ipar Euskal Herriko etaparen garapenean zein haren sustapenerako egiten diren askotariko ekimenetan euskarari toki duina eta aproposa ematea, ahozko nahiz idatzizko komunikazioan, seinale eta errotuluetan, webguneetan, publizitatean, harreran, aurkezpenetan eta abarretan”. Presentzia hori, gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa izan behar duela gogorarazi zion Akademiak Prudhommeri, urtarrileko gutunean.