Erreferendumak informatiboen lehen lerroburuak “irabazi” ditu Frantziako hedabideetan. TF1 eta France2 telebista kateek hala nola egunkari nagusiek “indarren arteko neurtze” gisa ekarri dute gertatzen ari dena. Kezkaz begiratzen diote Estatuko poliziek indarra erabiltzeari.
Kataluniako Prozesuaren eta Espainiako Legearen arteko talka une lazgarrienera iritsi da. Frantziako egunkarien eta hedabideen iritziz “arazoa estatu afera bilakatu da”. Frantziako analisten iritzi nagusien arabera, gaurko egunean biziko denak –gertakarien izaeraren eta muntaren arabera– eraginen du Govern-ek datozen egunetan hartuko dituen erabakietan.
Frantziako agintarien eta politikarien iritziak ez dira artean plazaratu, gertakariek hartu dezaketen jitearen zain, nonbait. Poliziaren eta herritarren arteko talkak batetik, eta bestetik, bozka kolegioetan herritarren jarduera lasaiak interpretaziorako hainbat aukera ematen dute eta.
Le Monde-k dioenez, Madrilgo Gobernuak eta Estatuko botereek “burdinazko jarrera”-ri eusten diote tinko.
L’espress-ek honela zabaldu du: “Espainiako polizia indarrez sartu da Carles Puigdemont presidente erregionalak bozkatu duen bulegoan”.
Le Figaro-k Puigdemont-en jarrera setatsua azpimarratu du boza eman ondoren, baita Govern-eko beste agintariena ere.
L’Humanité-k berriz, itauntzen ditu irakurleak: nola atera ateka gaitz honetatik? Elkarrizketa jotzen du modu bakartzat.
Libération-ek bozkatu nahi duten hainbat katalanen iritzia ipini du lerroburutzat: “Francoren garaian bezala sentitzen gara”.
Analista politikoen galdera da: erreferenduma gauza al daiteke egoera horretan?