argia.eus
INPRIMATU
Total Energies multinazionalaren ‘greenwashing’ estrategiak agerian utzi ditu ikerketa independente berri batek
  • Nagusiki petrolioaren eta gasaren sektorean inbertitzen segitu arren, energia berriztagarrietan bideraturiko inbertsioetan zentratzen du bere komunikazioa Frantziako multinazionalak. Azken bi urte eta erditako agirien aztertzen aritu da Bloom Gobernuz Kanpoko Erakundea, eta hortik osatu du maiatzaren 24an plazaraturiko txostena.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko maiatzaren 25
2021az geroztik energia fosilean oinarrituriko 30 egitasmo berri ditu Total Energies multinazionalak, tartean Tanzania eta Ugandan duen Eacop megaproiektua. Argazkia: Stop Eacop

"Dituen azpiegitura klimatizidoak berdetzen dabil Total Energies", Bloom Gobernuz Kanpoko Erakundearen hitzetan. Frantziako multinazionalak azken bi urte eta erdietan plazaraturiko agiriak ikerturik, plazaratu du egiaztapen hori ingurumenaren alde dabilen erakundeak. Maiatzaren 24an egin du publiko ikerketa independentea.

Gasaren eta petrolioaren sektorean inbertitzen segitzen du azkarki Total Energiesek. Hain zuzen, 2021ko urtarrilaz geroztik 30 egitasmo berri ditu munduan barna barreiaturik. Alta, urte horretan emana zuen abisua Nazioarteko Energiaren Agentziak: beroketa heina 1,5 gradutara mugatu nahi bada, energia fosiletan oinarrituriko egitasmo berriekin bukatu behar da.

Besteak beste, Ugandan eta Tanzanian xede duen Tilenga izeneko petrolio estrakziorako azpiegiturak eta baliabidea garraiatzeko Eacop petrolio-hodiak garatzen dabil Total Energies, ingurumena eta herritarren nahiak kontuan hartu gabe.

Adierazpenetatik errealitatera

Enpresaren agiriei fidatuz gero, ingurumenaren zaintza eta energia berriztagarrien garapena du lehentasunen artean multinazionalak. Errealitatea, ordea, bestelakoa da: berriztagarriek Total Energiesek ekoizturiko energiaren %15 bakarrik ordezkatuko dute 2023an. 313 agiriak azterturik, Bloomek dio energia berriztagarriei buruzko egitasmo guzien berri ematen duela multinazionalak, onura handiko proiektu gisa aurkeztuz; eta horrez gain, energia fosilei buruzko agirien %66tan goraipatzen dituela paraleloki garaturiko energia berriztagarridun proiektuak edota karbono isurketa gutitzeko egitasmoak.

Enpresaren 'greenwashing' politikarekin Frantziako Gobernuak duen lotura ere salatzen da txostenean. Hain zuzen, iazko azaroan jakitera eman zuen Emmanuel Macronek 5.000 milioi euroko diru laguntza banatuko zuela Frantziako "sektore kutsakorrenari" –Total Energies barne dago–, Frantziako Estatuen dituzten "guneen deskarbonatzeko".