Ezpeletako gazteluko harresien inaugurazioan izan da Total energia enpresako Patrick Pouyanné zuzendaria. Ekitaldian protesta egin du Bizi! mugimenduak, enpresak larrialdi klimatikoan duen ardura salatzeko.
Bizi! mugimenduaren hitzetan, larrialdi klimatikoaren “arduradun nagusietako baten buruzagia errezibitzen segitzea zentzugabekeria da”, eta hori gogorarazteko eten dituzte Ezpeletako baroien gazteluko harresien inaugurazioko hitz hartzeak.
Hain zuzen ere, Total energia enpresa Frantziako Estatuan berotegi-efektuko gas gehien isurtzen duena da, eta klima berotzea ekarri duten 20 enpresen artean dago. Bizik salatu du Total enpresak erregai fosilak ustiatzen jarraitzeko asmoa duela, berotze klimatikoa ahalik eta gehien mugatzeko erregai fosilak lurrean uztea ezinbestekoa delarik.
Urgentzia ekologikoa eta justizia soziala lantzen dituen mugimenduak azpimarratu duenez, Total enpresaren proiektu "klimatizida" guztien aurka borrokan jarraituko dute, horiek geldiaraztea lortu arte: “Klima nahasmenduaren eta jendartearen suntsipenaren sustatzea, aski da!”.
Bizi!-k gaineratu duenez, erronka ekologikoei aurre egiteko formakuntzaren garrantzia eta mobilizazioaren premia agerikoa da jendartea antolakuntza bidezkoago eta jasangarriago batera bideratzeko. Helburu horrekin klima eta justizia sozialaren inguruko formakuntza egonaldia egiten ari dira egunotan Alda-rekin batera. Larunbatean Christophe Cassou klimatologoa eta IPCCren 6. txostenaren egilea eta Emmanuelle Tosini Alternatibako bozeramailea mintzatuko dira bertan.