argia.eus
INPRIMATU
“Tosutik Uribe kostara” jardunaldiek eskualdera zabalduko dute hirigintzaren eztabaida
  • Tosu Betirako Asanbladak irailaren 10etik 22ra egingo den "Tosutik Uribe Kostara" ekimena iragarri du. "Herrien etorkizuna gutxi batzuek, herritarren iritzia kontuan hartu gabe" planifikatzen dutela salatu gura dute. Erandio eta Gorliz arteko martxa eginez amaituko dira jardunaldiak.

    Ibarbengoako aparkalekuaren aurkako borroka "gure eskualdean dagoen problematikaren aurpegi nabari bat izan da", adierazi du kolektiboak. Uribe Kostako herrien diseinua gutxi batzuen esku egotea eta gehiengoaren iritzia aintzat ez hartzea kritikatu dute: "Gure lurrak espekulaziorako objektu bilakatu dira, azken berdeguneak mozkinen izenean porlanez estaltzen dira."

    Tosukoa testuinguru horretan sortutako borroka bat baino ez zela izan azpimarratu dute; "baina arazoa globala izanik erantzunak globala izan behar du". Hori dela eta, Leioan, Gorlizen, Berangon, Urdulizen eta Getxon jardunaldiak egingo dituzte irailaren 10etik 22ra bitartean, "herri bakoitzean dauden arazoak aztertuz, eta kontzientzia sortzeko eta gaia landuko duen mugimendu bat eratzeko helburuz".

    Irailaren 21a (barikua) eta 22a (zapatua) bitartean Erandiotik Gorlizera martxa bat eginez amaituko da ekimena. Bariku arrastian Erandiotik Getxora joango dira, eta biharamunean, Getxo lo egin ostean, Gorlizeraino abiatuko dira.

    Hauek izango dira berbaldietan landuko dituzten gaiak: 

    • Plentzia-Gorliz (gaztetxea): udaldirako herrien arazoak.
    • Urduliz: desarrollismoa eta nekazaritza.
    • Berango: lotarako hirien arazoak.
    • Algorta: udal prozesu parte-hartzaileen nondik norakoak.
    • Itzubaltzeta: ustelkeria. Ahoztar Zelaieta kazetariak egingo du berba. Ibar Nagusiko kideakaz batera antolatua.
    • Leioan: garraioa.
Hiruka .eus 2018ko irailaren 04a