Larunbatean Ibarbengoako parkingaren aurkako manifestazioa egin zuten Getxon. “Pozik” agertu dira antolatzaileak herritarren erantzunarekin.
Ehunka lagun elkartu ziren larunbatean Ibarbengoako Parkingaren aurka Tosu Betirako asanbladak deitutako manifestazioan. Aurreko manifestazioekin alderatuta jende kopurua ez bada ere asko handitu, “jende ezberdinak” eta aurrekoan baina getxotar gehiagok parte hartu izana “positibotzat” jo dute antolatzaileek.
Urriaren 17an Ertzaintzak deitutako erresistentzia kanpaldia hustu ostean, urriaren 21ean berriz okupatu zuten Tosuko landa eremua. “Ez dugu mugimendu handirik nabari”, diote asanbladako kideek hondeamakinez galdetuta.
Aurreko etxola jada botata zegoen, eta beraz, berri bat eraikitzeari ekin zioten herritarrek. Etxola berria, lur pribatuan dago kokatuta, obra eremutik kanpo. Herritar batek erroldatze prozesua martxan jarri du, etxola berrian erroldatzeko. “Obra atzeratzen dugun egun bakoitzeko, gertuago dago proiektuaren suspentsioa” gaineratu dute asanbladako kideek.
Larunbatean Getxoko lau puntu ezberdinetatik zutabe bana abiatu zen: Hezetasunetik, Itzubaltzetatik, Andra Maritik eta Algortatik, zutabe guztiek Telletxeko plazan egin zuten bat. Telletxetik Andra Marira abiatu ziren ehunka herritar, eguraldi txarrari aurre eginez. Manifestazioa Andra Marin amaitu zen eta bertan egin zuten ekitaldia.
Tosu Betirako asanbladak salatu zuenez, “orain arte gobernu taldearen aldetik mespretxuak eta utzikeria baino ez dituzte jaso herritarron aldarriek, ez dute ulertzen beraien proiektu espekulatiboez nazkatuak gaudela”.