Tosu Betirako asanbladak zabaldu duenez, uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak jakinarazi egin zuen izapideak hasi dituela Tosuko landan erroldatuta dagoen pertsona bertatik kanporatua izan dadin. Jaurlaritzak ekain hasieran helarazi zien landa okupatuta duten gazteei astebeteko epean handik joateko agindua, aparkaleku bat egiteko lanak hasi behar zituztela eta.
2011n hasi zen okupazioa Tosu eremuan, Getxoko Andra Mari auzoan. Behien bazkarako larre hutsa zen hartan baratzeak eta etxola bat dago orain. Autoentzako aparkaleku erraldoia eraiki dadin eragoztea da gunea okupatu eta biziberritu dutenen nahia.
Teorian, aparkaleku horren helburua da aldamenean dagoen Ibarbengoako metro geltokira –2011tik eraikita dagoena, baina sekula erabili ez dena– irismena erraztea. Gaia konplexuagoa da ordea: hasiera batean inguru horretan 8.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa zegoen, eta horri erantzunez eraiki zen geltokia. Etxebizitzen proiektua linboan dagoela –segurua da behintzat, egitekotan, ez direla 8.000 egingo–, aparkalekua egitea Getxoko azken eremu urbanizatu gabea porlanez betetzen hasteko lehen urratsa dela uste dute Tosu Betirako asanbladak eta herriko beste hainbat eragilek.
Gaur egun, herritarren joan-etorria etengabea da Tosun. Baratzean aritzeko edota antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzeko, jende ugari ibiltzen da bertan, modu finkoan Tosu Betirako asanblada parte hartzen dutenez gain. Pertsona bat dago landako etxolan erroldatuta, eta noizbait bertatik botatzen saiatuko direla jakitun, atean itsatsita daukate beste baten etxebizitzan bortxaz sartzea galarazten duen legearen pasartea. Udaltzaingoa ere joan zitzaien behin, erroldatutako pertsona benetan han bizi zela egiaztatzeko.
Gauzak horrela, Jaurlaritza ez da oraindik saiatu Tosu husteko agindua betearazten, emandako epetik hilabete inguru igaro den arren. Orain ikusteko dago zenbat denbora beharko duten Tosuko bizilagun finkoaren erroldatzea baliogabetzeko.