Tosu Betirako plataformak, Udalaren erabakia kritikatu du. Izan ere, Getxoko Andra Mari auzoko landagunean parkinga ez ezik, “jarduera ekonomikoen parkea” egingo dutela azaldu dute. Erabakiaren aurrean, ordea, herritarrei mobilizatzeko dei egin diete plataformako kideek.
“Espero bezala, parkinga ez da parkinga “bakarrik” izango: orain, “jarduera ekonomikoen parkea” eraiki nahi dute nekazalgunean”, salatu dute Tosu Betirako plataformako kideek. Horrez gain, PNV, PSOE eta PP alderdi politikoek sinatutako akordio batean, Getxoko Andra Mari auzoan etxebizitzak eraikiko dituztela aipatzen dela azaldu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak etxebizitza gehiago ez eraikitzeko gomendatu duela gaineratuz.
“Udalaren amnesiak kezkatzen gaitu”, adierazi dute plataforma kideek, 2007an egin ziren herri mobilizazioak ahaztu ote dituzten esanez. Udalak herriaren parte hartzea ekiditeaz gain, edozein oposiziori errepresio eta jazarpenaren bidez erantzungo diola salatu dute herritarrek.
Hala ere, “sarraskiari” aurre egiteko dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela adierazi dute Tosu Betirako plataformako kideek, udalaren entzungortasunaren aurrean, mobilizatzeko dei egin dute.