argia.eus
INPRIMATU
Tosuko landa zortzi egunean husteko agindu du Eusko Jaurlaritzak
  • Eusko Jaurlaritzak desalojo agindua helarazi die Tosuko zelaia (Getxo) okupatuta daukaten bizilagunei. Aparkaleku bat egiteko asmoa dago leku horretan, baina getxoztar talde bat aspalditik dago bertan finkaturik, proiektua geldiarazteko. Lekua husteko zortzi laneguneko epea eman diete. ARGIAk Tosu Betirako Asanbladari buruzko erreportajea kaleratuko du aste honetan.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 06a

Tosu Betirako kolektiboko kideek jakinarazi dute ohar baten bidez berria. “Tosun egin gura dutena parking bat baino gehiago” dela salatu dute eta “Getxon eta Euskal Herrian EAJk inposatu gura digun ereduaren beste pieza bat” dela gaineratu. Hainbat proiekturekin lotu dute: Getxo Antzokia eta Romoko kultur etxea, edo Errekaleor, Gipuzkoako erraustegia eta Baztango Aroztegia, adibidez.

Tosu zenbait pertsonaren bizilekua dela eta horietariko batek errolda txartela daukala jakinarazi dute oharrean. Horren berri eman diote Jaurlaritzari; etxera sartu edo eraitsiko balute ilegalitate larria izango litzateke asanbladaren esanetan.

Orain arte egindako borroka balioan jarri eta aurrera begira ere lanean jarraituko dutela adierazi dute, Andra Mari auzoaren urbanizazio osoaren kontra. Horregatik ekainaren 16an 20:30ean Getxoko San Nikolas / Txiki Otaegi plazan, elkarretaratze batera dei egin dute.