argia.eus
INPRIMATU
Tosuko landa berreskuratu dute
  • Getxoko Tosu landa okupatuta dago berriro. Astearteko desalojoagatik protestatzeko deitutako manifestazioaren ostean, ehunka lagun joan ziren haraino, eta hesia gainditu ostean, baratzeak lantzen eta etxolatxo bat eraikitzen hasi ziren. Ertzaintzaren zortzi furgoneta inguru joan ziren bertara, baina azkenik interbentziorik egin gabe alde egin zuen poliziak.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko urriaren 23a
(Argazkia: Hiruka)

Jai giroan joan ziren Tosura ehunka pertsona, eguerdian Algorta erdigunetik abiatutako manifestazioan parte hartutakoak (manifestazioak 1.200 lagun inguru bildu zituen, Tosu Betirako asanbladaren esanetan). Berehala hasi ziren baratzeak lantzen eta etxola baten hormak eraikitzen, Ertzaintza iritsi zen arte.

Hasiera batean, poliziak jakinarazi zien zelaia okupatzen ari ziren guztiak identifikatuko zituztela, eta –Hirukaren esanetan– identifikatzeari uko egiten ziotenak atxilotuko zituztela. Desalojo saiakerari aurre egiteko, hamar bat laguneko multzoetan banatu ziren okupatzaileak, herri harresi txikiak osatuz. Azkenean, ordea, joan egin ziren ertzainak. Une hartan ehun bat pertsona zeuden Tosun. Berehala gaua igarotzeko antolatzeari ekin zioten, kanpadenak eramanez eta euriaz babesteko azpiegiturak eraikiz. Giroa alaitzeko kontzertuak egin zituzten iluntzean.

Astelehen goizean desalojo arriskua oso handia dela esan du Tosu Betirako asanbladak, eta ahalik eta herritar gehien Tosura joateko deialdia egin dute.