Getxoko Tosu landan zeuden hondeamakinak eraman egin dituztela jakinarazi du Tosu Betirako asanbladak. Hesiak, edukiontziak eta gainerako materiala ere bertatik kendu dituztela gaineratu dute.
Urriaren 17ko desalojoaren ostean hasitako lanak geldirik egon dira joan den zapatuan –urriak 21– dozenaka lagunek berriro Tosuko landa okupatu zutenez geroztik. Haatik, lan materialak han izan dira gaur arte. Gogoan izan behar da azken okupazioarekin batera eraikitako etxola lanen eremutik kanpo dagoela.
Hondeamakinak eramatea “garaipen txikitzat” jo duten arren, Tosu Betirakok mantendu egin du azaroaren 11n Ibarbengoako aparkalekuaren eta “bestelako proiektu faraonikoen” aurkako manifestazio deialdia. Algortako Telletxe kaletik abiatuko da mobilizazioa, eguerdiko 12:30ean.
Bestalde, azaroaren 1ean auzolanera deitu dute, berriz ere baratzeak eta hondeamakinek txikitutako bestelako espazioak berreskuratzeko.