argia.eus
INPRIMATU
“Ongietorria” eman diote Getxoko Ibarbengoako aparkalekua eraikiko duen enpresari
  • Azaldu dutenez, Getxoko Udalak gutuna bidali die Tosu landa inguruan bizi diren auzokideei, trenbidearekiko paralelo doazen lurrak martxoaren 1erako libratzeko eskatuz. Tosu Betirako plataformak obrak egingo dituen enpresari ongi etorria emateko parodia prestatu du. Hala ere, gaur ez da hondeamakinarik agertu.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko martxoaren 01
Tosu Bizirik elkarteko kideek parodia egin dute. (Argazkia: Ainhoa Ortega)

“Ongi etorri Mister Florentino” lelopean egin dute parodia. Florentino Perez baita Ibarbengoako aparkalekua eraikiko duen Geocisa enpresako jabea. 8:00etan bildu dira antolatzaileak Getxoko Andra Mari auzoan gosari herrikoia egiteko, eta ondoren, parodiari ekin diote. Trajez eta galaz jantzita, errepide ondoan kokatu dira “Ongi etorri Florentino” pankarta eta bestelako kartelekin. “Zelai berdeak nahi badituzu, joan zaitez Getxoko Golf Klubera” eta “Hippie gutxiago eta porlan gehiago” oihukatu eta Florentino Perezen harrera irudikatu dute, ondorengo bideoan ikus daitekeenez.

11:00 aldera, Algortako tabernetara gerturatu eta parodia egiteko prestatutako komunikatua banatu dute herrian zehar. Bertan irakurri daiteke: “Itxaronaldi jasanezin baten ostean, eta lau hippie ziztrinen traben gainetik, behingoz sartu dira Ibarbengoako parking desiratua egingo duten makinak, eta bazen garaia, zeren eta, auzokideak oraindik konturatu ez diren arren, hainbeste etekin ekonomiko ekarriko die Getxo, Uribe Kosta, €uzkadi eta mundu osoari. Eta hau hasiera baino ez da! Imajina al duzue Andra Mari osoa porlanez estalirik? Ez al zaizkizue buruan sartzen horrek ekarriko dizkigun onura guztiak? Itzela izango da! Eta argi ibili: Parkinga egiten ez badugu, kandelapean azak jaten amaituko dugu. Eta ezetz jakin onena zer den? Bada, auzokide batek ere ezin izango duela ahoa iraki! Azken finean, horretarako bozkatzen dugu EAJ! Zatoz datozen egunetan obrak bisitatzera! Kolosala izango da!”

Gaur ez da makinarik hurbildu Andra Mariko landetara, baina obrak edozein momentutan has daitezkeela iragarri dute auzokideek. Hurrengo egunetan ere, zaintzak egingo dituzte Tosu Betirako plataformako kideek.

Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.

 

Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.